Hondartza solidarioak
Elkartasunerako deia egin du Ibarrangeluko Udalak. Laida eta Laga hondartzetan arduraz jokatzeko eskatu dute.
Hondartza dinamikoak izatetik hondartza solidarioak izatera pasatu dira Ibarrangeluko Laida eta Laga. “Denok disfrutatzeko orain jendeak hondartza solidarioak egitea eskatzen ari gara. Hondartza konpartitu egin behar dugu, ordu batzuk egon eta etxera joan. Eta era berean, solidarioak izan behar gara lehen lerroan egon den jendeagaz eta baita herriko jarduera ekonomikoekin ere”, adierazi du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Aldundiagaz zehaztutako semaforo koloreen banderen sistema erabiliko da edukierak zehazteko, baina, horrez gain, alkateak azaldu duenez, bozgorailuetatik jakinaraziko da hondartza betetzear dela, eta denbora gehiago daramatenei beste batzuei lekua uzteko esango zaie. “Uste dut zortea daukagula, hondartza handiak ditugu eta. Marea biziak daudenean, agian, itsasgoran ezingo dira erabili, baina bestelakoan jende asko hartzeko azalera daukate bi hondartzek”, dio Ziluagak. Baikorrak direla gaineratu du, hondartza denboraldia hasi aurreko asteetan jendeak ondo erantzun die aginduei, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dute: “Hondartza dinamikoa ipini zen martxan, eta jendeak oso ondo erantzun du. Eskatu ditugun gauzak egin ditu jendeak, erantzukizunez jokatuta”. Unean uneko erabakiak hartuko dituzte, beti ere osasun agintariei kasu eginez, eta alkatearen ustez, lehen egunak erabakiorrak izango dira: “Informazioa eta komunikazioa oso garrantzitsuak dira. Konfiantza daukagu”.
Kontigentzia planean egoera guztiak aintzat hartu dituzte, eta behar izanez gero, hondartza dinamikoak ezarriko dituzte edo hondartzak hustuaraziko dituzte. “Esaterako, kode gorri hori aplikatu beharko balitz zer egin beharko litzateen jaso dugu”.
Sarrera irteerak kontrolatzen dituzte eta bertan egongo diren langileek ibilgailuen zirkulazioa bideratzeko zein erabiltzaileei laguntzeko ardura daukate: “Edozein kontigentziaren aurrean laguntzeko daude, eta hondartzainekin koordinatuta daude. Horiek udala eta aldundia ere koordinatuta gaude, unean uneako erabakiak hartzeko”, azaldu du Ibarrangeluko alkateak.
Langileen prebentziorako protokoloa egin dute, eta aurreko denboraldiekin alderatuta, langile gehiago kontratatu ditu udalak garbiketarako, ibilgailuen zirkulazioa bideratzeko eta laguntza lanetarako, eta guztiek ikastaro bereziak jaso dituzte: “Bi hondartza eta kanpinerako 25 landile kontratatu ditugu uda honetarako”. Udalak garbiketa eta higiene lanak indartu ditu, eta esaterako, komunetan, eguneroko jarduerez gain, astero “desinfekzio profesionala” egingo dute. Eguneroko garbiketa eta desinfekzioak “era iraunkor” batean egingo dira, uneoro babestuta egoteko, maiztasunak handituz.
Neurri zehatzak:
- -Hondartzen sarrera eta irteerak bereizi eta mugatu dira, jendea ez gurutzatzeko eta pilaketak saihesteko.
- Jendea pasatzen den lekuetan eta jende gehien egoten den lekuetan zirkulazio-noranzkoak zehaztu dituzte.
- Dutxak ezin dira erabili momentuz.
- Komunetan sartzeko eta itxaroteko guneak zehaztuta daude.