Ezohiko denboraldirako prest
Gaur hasi da hondartza denboraldia Bizkaian. Aldundiaren neurri orokorrez gain, tokian tokiko udalek ezarritakoak bete beharko dituzte erabiltzaileek. Sorosleek eta hondartzainek daukate segurtasun lanen ardura. Zakarrontziei dagokienez, sarbideetan bakarrik daude eta ez dute taparik, hondartzetako erabiltzaileek ukitu ez ditzaten.
“Agian, aurtengo denboraldia da ezohikoena. COVID-19aren eragina sufrituko dugu, eta gure hondartzak prest egoteko eta gaixotasun hau hedatu ez dadin hainbat neurri hartu ditugu. Azken hilabeteetan lan handia egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek gure hondartzak prest izateko gaixotasunari aurre egiteko”, adierazi zuen Elena Unzueta Ingurumen diputatuak hondartza denboraldiaren aurkeztean. Gozanema eta prebentzio neurriak “bateragarri” egiteko helburua izan dutela, eta neurriak zehazteko hondartzainen eta sorosleen iritziak eta ekarpenak kontuan hartu dituztela zehaztu zuen.
Gaur hasi da hondartza denboraldia Bizkaian. Hondartza guztietan bete beharreko neurri orokorrez gain, udal bakoitzak neurri zehatzak ezarri ditu. 11:00etatik 20:00etara, gehienez hiru ordu egotea, segurtasun distantzia haretzan zein uretan mantentzea, kirolik ez egitea (palak, beisbola, futbola…), eguzkitakoak, aulkiak, hamakak, koltxonetak… ez eroatearen gomendioa… erabiltzaileek horiek bete beharko dituzte.
Jende pilaketarik ez egoteko eta denek hondartzaz gozatzeko neurriak dira, eta hiru okupazio-maila bereizi dituzte: berdea, anbar-kolorea eta gorria. Bandera berdeak hondartzan lekua dagoela adierazten du (okupazio maila ona); anbar kolorekoak hondartza nahiko beteta dagoela zehazten du, eta gorriak beteta dagoela.
Informazioa. Hondartzetako megafonietatik emango dute informazioa bai eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean eta BizkaiUp aplikazioan. Hondartzetako okupazio-mailak, hondartza bakoitzaren berezitasunei buruzko datuak, udalerriek une jakin batean har ditzaketen neurriak, aparkalekuen itxiera partziala, hondartza dinamikoaren egoerara pasatzea, sarbideei buruzko gorabeherak… jasoko dituzte horietan.
Sorosleek eta hondartzainek daukate segurtasun lanen ardura. Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzuan uretako 154 sorosle, beste 19 sorosle (koordinatzaileak, logistak edo laguntza-patroiak) eta 31 hondartzain daude. Egunero, 6 koordinatzaile eta 88 sorosle egongo dira lanean, Bizkaiko 24 sorospen-postutan.
Sorospen-postuetako protokoloa COVID-19aren hedapenari aurre egiteko indarrean dauden gomendioekin egokitu dute. Bakarka sartu behar da (laguntza behar duena adingabea edo mendekotasuna duen pertsona bada, heldu bat egon daiteke harekin), eskuak hidrogelagaz garbitu behar dira sartu aurretik eta irtetzean eta maskarillak derrigorrezkoak dira. Ume Galduak eskuturreko zerbitzua ere eskainiko dute galtzen diren 8 urtetik beherako umeak identifikatzeko.
Bestalde, ez dute paperontzirik jarri hareatzeta; sarbideetan bakarrik daude eta ez dute taparik, hondartzetako erabiltzaileek ukitu ez ditzaten.
Osasun Sailak, bere aldetik, gogorarazi du hondartzen erabilera arduratsua egiteko eta COVID-19aren transmisioa geldiarazteko herritarren “eginkizun aktiboa” ezinbestekoa dela, baita hondartza bakoitzaren erabilera-neurriak eta osasun-gomendioak betetzea ere. Hala, hondartzara joan aurretik komeni dela hondartza bakoitzeko erabilera baldintza berriak ezagutzea adierazi dute, baita sarbideko eta edukierari buruzko neurriak jakitea ere.
Egonaldi laburrak planifikatzea eskatu dute, “pilaketak murriztu eta espazioak beste batzuekin partekatzeko”. Horrez gain, bizilagunak ez diren pertsonekin bi metroko distantzia mantentzea komenigarria dela esan dute, “bai uretan zein uretatik kanpo”. Eskuak sarri garbitzeko, eztula egitean ahoa estaltzeko eta eskuoihalak ez partekatzeko deia ere egin dute berriro. Eta adingabeek prebentzio-neurriak betetzen dituztela zaintzeko eskatu dute.
Hondartza denontzat. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra emango dute Hondartza denontzat zerbitzua Mundakako, Lekeitioko, Ondarroako, La Arenako, Ereagako eta Plentziako hondartzetan (11:15etik 18:45era). Zerbitzua gaur egungo egoerara egokituko dute; osasun-arloko agintariek ezarritako prebentzio-neurriak aplikatuko dituzte.