Semaforo baten bidez jakingo da Aritzatxuko momentuko egoera
Burujabetasun zelaian jarriko dute semaforoa. Astelehenean hasten da hondartza denboraldia eta ordurako prest egotea espero dute
Hondartzan ere 1,5 metroko distantzia mantendu beharra dago. Horregatik, aurten, hondartzen egoera kontrolatu beharra egongo da. Horretarako, Bermeoko Udalak, semaforo bat jarriko du Burujabetasun zelaian, Aritzatxura jaisteko aldapa hasten den lekuan, hain zuzen ere. Kolore berde, laranja eta gorriak erabilita, hondartzaren momentuko egoera zein den jakin ahal izango dute herritarrek, beheraino jaitsi barik.
Semaforoaren kolore berdeak segurtasun neurriak behar bezala betetzen direla ziurtatuko du, beraz, Aritzatxura jaisteko arazorik ez dagoela esan gurako du. Laranjak, berriz, segurtasun neurriak bete bai, baina mugan daudela esan gurako du; hortaz, itxarotea gomendatzen da jendea ez pilatzeko eta hondartza zarratu beharra ez edukitzeko. Azkenik, kolore gorriak, hondartza zarratuta dagoela esan gurako du. Sorosleak eta udaltzainak elkarlanean ariko dira hondartzaren egoeraren berri emateko.
Astelehenean [ekainak 15] hasiko da aurtengo hondartza denboraldia, eta egun horretarako aipatu sistema prest egotea espero dute Bermeoko Udaletik.
Hondartzaren ordutegia 11:00etatik 20:00etara izango da. Hondartzan hiru ordu baino gehiago ez egotea gomendatzen dute, herritar guztiek hondartzara joateko aukera berdina izan dezaten. Gehienez, gainera, 20 pertsonako taldeak baino ez dira onartuko, “legeak ezartzen duen moduan”.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzen edukiera kontrolatzeko bere sistema erabiliko du. Bandera laranja jarriko dute segurtasun eta osasun neurriak behar bezala bermatu ezin direnean. Gainera, BizkaiUP aplikazioan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean Bizkaiko hondartzeko momentuko egoeraren berri emango dute.