Eraikin bat eraitsi dute Busturian, segurtasunagatik
Busturiko alkatearen esanetan, arriskutsu zegoen, oso egoera txarrean; "espaloiaren ondoan zegoen eta harriak jausten ari ziren espaloira zein errepidera".
San Antonio hondartzara joateko biribilgunearen ondoan zegoen eraikin bat eraistea erabaki du Busturiko Udalak.
Etxe zaharra zela dio Aitor Aretxaga Busturiko alkateak: “Arriskutsu zegoen, oso egoera txarrean; espaloiaren ondoan zegoen eta harriak jausten ari ziren espaloira zein errepidera”. Segurtasunagatik, hortaz, eraikina botatzea erabaki dute.
Alkateak azaldu duenez, Txilera joandako familia batena zen eraikina, eta oinordekoek uko egin dute. “Orain, udalaren eskumeneko lursaila da. Urdaibaiko Patronatuari galdetu diogu zerbait egin ahal den leku horretan, eta ezetz esan digute, babestutako gunea baita; Kantauriko artadia baitago”.
Jakinarazi duenez, 21.000 euroko kostua izan du eraikina botatzeak.