Eako moila "gune dinamikoa" izango da udan
Ekainaren 15ean hondartza denboraldia hasteagaz batera, Aritza "hondartza dinamikoa izatetik estatikoa izatera" pasatuko da.
Ekainaren 15ean [astelehena] hondartza denboraldia hastean, Aritza hondartzan eguzkia hartzeko aukera (hilaren 15era arte hondartza dinamikoa da) egongo bada ere, Mollapozu hondartza eta moila gune dinamikoak izatea erabaki du Eako Udalak. Jende pilaketarik ez egoteko hartu dute neurria, eta beraz, paseatu eta bainatu ahalko da, baina ezin izango da bertan etzanda egon.
Bestelakoan, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako ohiko neurriak bete beharko dira hondartzan zein moilan, 11:00etatik 20:00etara. Besteak beste, haretzan eta uretan segurtasun distantzia mantendu beharko da, eta kirolak praktikatzea debekatuta egongo denez, ezingo da baloi, pala edo antzekorik erabili. Era berean, ezingo da Eskolondotik Kaira bizikletaz joan.
Bestalde, moilako sarbidea eta irteera arautuz, eskailerek norabide bakarreko erabilera edukiko dute (zintekin markatuko dute).
Hondartzan gehienez hiru orduz egoteko baldintza jarri dute. Aforoari dagokionez, 322 pertsonara mugatuko da portuan, eta Aritza hondartzan, berriz, 700 pertsona itsasgoran eta 1.672 itsasbeheran.
Bizkaiko beste hondartzetan modura, Ean ere dutxak zigilatuta egongo dira denboraldiko lehenengo bi asteetan. Data hori igaro ostean, erabilera onartzen den edo ez erabakiko dute, betiere osasun-agintariek emandako gomendioak kontuan hartuta. Komun publikoak zabalik egongo direla jakitera eman dute Eako Udaletik. “Bi ordutik bi ordura garbituko ditugu, eta horretarako beste pertsona bat kontratatu dugu”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Jendeak zentzuz jokatzeko deia egin du alkateak: “Denok kontzientziatu behar gara. Denok daukagu disfrutatzeko eskubidea eta aukera, eta txandakatuta aukera gehiago edukiko dugu denok. Orain arte behintzat gure herrian zentzuz eta arduraz jokatu dute herritarrek. Estatistiken arabera COVID gabeko herria gara, eta hori da jendeak arduraz jokatu duelako”. Ez erlaxatzearen eta prudentzia mantentzearen garrantzia nabarmendu du.