Bisitarien itzulera museoetan
Apurka-apurka jendearen joan-etorria nabari da museoetan ere. Esaterako, aurreko astetik zabalik daude Gernika-Lumoko Bakearen Museoa eta Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoa, bisitariak hartzeko prest eta gogoz.
Ateak zabaldu dituzte museoek ere. Maskarillak, hidrogelak… ezinbestekoak dituzte eurek ere, eta “normaltasun berrian” murgilduta daude dagoeneko.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoan ekainaren 8an zabaldu zituzten ateak, ohiko ordutegian. Hamar minuturo zortzi pertsona sartu ahal dira, eta norabide bakarreko bisitak egin ditzakete. Lurzoruan geziekin markatu dituzte norabideak eta ikus-entzunezkoetan, tarteak mantentzeko jendea non jesarri ahal den markatuta daukate: “Gelak txikiak dira, eta nahiz eta aforoa %60 utzi, guk ezin dugu hainbeste jende batera eduki”, dio Iratxe Momoitio Astorkia museoko zuzendariak. Aurten martxotik irailera astelehenetan 10:00etatik 14:00etara zabaltzea aurreikusita zeukaten, eta abendura arte luzatzea erabaki dute.
Martxoaren 13an itxi ostean, aurreko astetik dago zabalik Ziortza Bolibarko Simon Bolivar Museoa ere. Hamar minuturo lau pertsona sar daitezke. Sarreran zein irteeran hidrogelak jarri dituzte, eta jendeak ez badaroa maskarillarik eurek uzten dizkiete. Ibilbidea markatu dute, bisitariak alkarregaz ez gurutzatzeko, sartzeko eta irtetzeko ate bana daukate, eta ikus-entzunezko elementuak kendu egin dituzte, botoiak sakatu behar direnez, kutsatze arriskurik ez egoteko.
Gernika-Lumoko museoan Memori Tour ibilbide gidatuak egiten dituzte, eta horietan ere zenbait moldaketa egin dituzte: “Aurten indartu ditugu; martitzenetik barikura zazpi eskaintzen ditugu eta zapatutik astelehenera hiru. Kanpotik turista gutxi etorriko denez, denak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Lehen 35-40 pertsonako taldeak ziren, eta orain 15-20koak”.
Oroimenerako binetak aldi baterako erakusketa urte bukaera arte luzatu dute, eta aurreikusita zeuzkaten beste biak datorren urterako utzi dituzte. Umeentzako udalekuak, ostera, bertan behera utzi dituzte, eta ikastetxeentzako tailerrak eta Igandeak familian ekintzak ere printzipioz udazkenera arte bertan behera geratu dira: “Konfinamendu garaian Bizkaiko museo guztiak egon gara oso koordinatuta, astero bilerak edukitzen, eta denon artean hartu dugu erabakia”.
Lehen astean uste baino bisitari gehiago eduki dituzte: “Lehen egunean Portugaletetik etorri zen emakume bat; museoa ikusi eta Memori Tourra egin zuen berak bakarrik. Oporretan zeuden Bilboko senar-emazte batzuk ere etorri ziren aurreko astean eta babeslekuen Memori Tourra egin zuten. Mexikar bat eta japoniar bat ere etorri ziren, agian, konfinamenduak hemen harrapatuta edo. Zapatuan 28 pertsona eduki genituen eta Memori Tour bat atera zen. Zentzu horretan pozik gaude, hasieratik pixkanaka-pixkanaka jendea dabilelako”. Simon Bolivar Museoan barikuan hartu zituzten lehen bisitariak, eta asteburuan “jende gehiago” joan zela dio Beñat Ibaibarriaga Zubikarai zuzendariak: “Hamabost bat etorri ziren, eta esaterako, martitzen honetan bost pertsona etorri ziren”.
“Suposatzen dut ekainaren amaieran mugimendu gehiago nabarituko dela”
Martxoaren 12an itxi zuten Bakearen Museoa, eta ez zuten espero itxiera hainbeste luzatzea: “Frantziarrei Gobernuak ikasketa bidaietan kanpoaldera ez ateratzeko esan zietenez, otsailaren amaieran zenbaitek hitzorduak bertan behera utzi eta beste batzuk udazkenera atzeratu zituzten. Baina, gutariko inor ez zen kontziente hile bi baino gehiago egongo ginela itxita”.
Otsailaren amaieratik ekainera 18.000-20.000 bat bisitari galdu dituztela aurreikusi dute Bakearen Museoan: “Garai honetan ikastetxeetako talde pila bat etortzen dira, eta asko kanpotik. Frantzesak asko izaten dira, eta horiek udaberrian etortzen dira normalean. Agentzia asko ERTEan daude, zer gertatuko den jakin gabe”. Itxita egoteak “kristoren kaltea” egin diela azpimarratu du Momoitiok. “Guretzat ondorio ekonomikoa ez da egon, sarrerarik kobratzen ez dugulako”, azaldu du Ibaibarriagak.
Apurka-apurka jende gehiago hurbiltzea espero dute. “Suposatzen dut ekainaren amaieran mugimendu gehiago nabarituko dela. Umeek ikasturtea amaituta edukiko dute eta beste probintzia batzuetatik jendea etortzea espero dugu”, dio Momoitiok.
Datozen hilabeteetarako aurreikuspena egitea “zientzia-fikzioa” bezalakoa dela esan du: “Zabaltzean beldur ginen; uste genuen ekainean ez zela inor etorriko. Oraindik faseetan gaude, jendea ezin da libre mugitu. Askotan ez dugu ezagutzen etxe ondoan daukaguna, baina horretarako denbora bilatzen dugu? Gainera, orain gehienok kalera atera eta ibiltzeko gogoa daukagu. Leku itxietan egoteko beldur gehiago dauka jendeak, nahiz eta guk segurtasun neurri guztiak ditugun”. Zabaldu dutenean, jendearengan “errespetua” ikusi dutela dio Simon Bolivar Museoko zuzendariak. Museora hurreratzeko beldurra edota kezka sumatu dituzte.
Bakearen Museoan 54.000 bisitari eduki zituzten iaz, horietatik 19.000 bat martxotik ekainera: “Aurten hiru hile horietan 20.000 espero genituen, talde pila bat genituen erreserbatuta”. 2019ko bigarren seihilekoan 30.000 bat pertsona pasatu ziren, 23.026 udako hilabeteetan (ekainean 5.016, uztailean 5.889, abuztuan 7.812 eta irailean 4.309).
Ziortza-Bolibarko Museoan momentuz ez daukate erreserbarik. Batik bat ikastetxeen eta jubilatuen elkarteenak edukitzen dituzte: “Horiek erreserba egiten dute eta gainontzean jendea erreserba egin barik etortzen da normalean”, zehaztu du zuzendariak. Iaz martxotik ekainera 1.600 bat bisitari pasatu ziren: “Guretzat garrantzitsuak dira hilabete hauek. Donejakue bidea hemendik pasatzen da, eta erromes pila bat Aste Santutik aurrera hasten da etortzen”.
“Done Jakue bidea pasatzen denez, hilabete hauek garrantzitsuak dira guretzat”
Ohiko martxa berreskuratzea zaila dela badakite, baina datozen hilabeteetan Euskal Herritik eta Espainiako probintzietatik bisitariak hurreratzeko esperantza daukate. “Familian edo lagunekin etortzen diren hurbileko bisitariak agian gehiago izango dira. Urdaibaik eta Gernikak gauza pila bat dituzte eskaintzeko; natura, historia eta memoria uztartzeko aukera dauka bisitariak; leku oso onean gaude. Baina turismo aldetik zelako erantzuna egongo den inork ez daki”, dio Momoitiok. Gorakada badago, ondorioak hurrengo urtean ere ordainduko dituztela uste du: “Talde askok erreserbak irailean eta urrian egiten dituzte hurrengo urterako”.
Etxetik lanean
Telelana egiten aritu dira, eta sare sozialetan jario etengabea eduki dute: “Hezkuntza arloko zenbait gauza berri egin eta familian egiteko jolasak eskaini ditugu. Web orrialdean baliabide didaktiko batzuk eta doan deskargatzeko gure liburu pila bat eskaini ditugu. Horrez gain, hurrengo ikasturterako lau Memori Tour berri prestatu, eta Gernika Gogoratuz-ekin aritu ginen bonbardaketaren inguruan programa bateratu bat egiteko eta baliabide pila bat eskaintzeko”.
Dendako eskaintza ere Internet bidez eman dute. Esaterako, konfinamenduan Picassoren koadroaren puzzleak “izugarri saldu” zituzten. Dokumentazio zentroaren zerbitzua sarean eskaini dute, eta kontsulta asko eduki dituzte. Orain zabalik daukate, eta ikerketa gelan bi ikerlari egon daitezke, segurtasun tartea bermatuta baitaukate. Hori bai, kontsultatzen dituzten liburuek berrogeialdia pasatu behar dute astebetez.
Osasun krisi hau guztiontzat erronka izan dela deritzo Bakearen Museoko zuzendariak, baina eurak nahiko prestatuta egon direla: “Ez dugu ezer berezirik egin behar izan. Zenbait baliabide digitalizatuta genituenez, oso ondo etorri zaizkigu telelana egiteko, eta sareak martxan genituenez, horiek aprobetxatu ditugu”.
Simon Bolivar Museoak sare sozialetara jauzia eman du konfinamenduan. Facebook kontua sortu dute, “museoa etxeetara hurbiltzeko”, eta maiatzeko Museoen Egunerako antolatuta zeukatena museoeneguna.eus webgunetik egin zuten. Uztailean daukate hurrengo hitzordu garrantzitsua, baina ez dakite zelan moldatuko diren. Simon Bolivarren jaiotzaren urteurrena ospatzen dute urtero, eta hori nola prestatu aztertzen ari dira: “Aurten ez dakit zelan egingo dugun, baina suposatzen dugu aforo mugatuagaz izango dela”.