Sabino Aranaren eta Nikolasa Atxikallenderen harremanari buruzko bisita gidatuak egingo dituzte
Zain Dezagun Urdaibaik antolatuta eta Edorta Jimenez idazle mundakarrak gidatuta, bariku arratsaldean eta zapatu goizean egingo dituzte bisitaldi gidatuak.
Zain Dezagun Urdaibaik antolatuta, Sabin eta Nikoleren maitasunaren lekuak bisitaldiak egingo dituzte: barikuan [ekainak 12], 18:00etan, euskaraz, eta zapatuan [ekainak 13], 10:30ean, gaztelaniaz. Gehienez 20 pertsonako taldeak egingo dituzte, eta Urdaibai dendan, 646 77 60 01 telefonora deituta edo zainurdaibai@hotmail.com helbide elektronikora idatzita izena eman behar da (5 euro).
Edorta Jimenez idazleak gidatuko ditu saioak. Sabino Aranaren emazte izan zen Nikolasa Atxikallende Iturriren biografia idatzi berri du: “Sukarrietako Nikolasa Atxikallende 1951 hil zen, eta guztiz ezezaguna da. Gezur zikinak eta lotsagarriak esan eta argitaratu dira berari buruz. Irudi faltsua egin da. Dokumentazio historikoa topatu dut, orain arte inork erabili ez duena. Eta hori aurkeztuko dut”.
Aranaren bizitzako azken bost urteetan Atxikallendegaz eduki zuen harremana kontatuko du, eta harreman horretan “esanguratsuak” izan ziren lekuetan egingo dituzte geldialdiak. Abiñan dagoen Urdaibai dendan hasiko dira, eta Sukarrietako kanposantuan (han dago lurperatuta Arana) amaitu. Besteren artean, San Antonio ermitatik (bertan ezkondu ziren), Txatxarramenditik eta ezkondu eta Arana hil arte bizi ziren lekutik pasatuko dira: “Bien alderdi humanoa azalduko dut. Sabinok Nikoleri idatzitako 81 gutun argitaratuta daude, eta argitaratu gabeko beste gutun batzuk ere erabili ditut, Joseba Agirreazkuenaga historialariari esker. Berak egin du lanik inportanteena eta nik borobildu eta libururako prestatu dut. Atalez atal blog batean argitaratu dut, eta argitaletxeetara bidali dut. Gehiena gutunotan oinarrituta idatzi dut; orain arte inor ez ditu aztertu”.
Euskal Herriko historiarako emakume honen garrantzia azpimarratu du idazle mundakarrak: “Hari buruzko gezurrak behera botatzea da nire helburua. Kontatuko dudana historikoa da, eta emakume honen istoria feminismoaren historiarako oso inportantea, ereduzkoa”.