Ibilbideari gainbegirada
Margolanak eskegi eta pare bat egunera zarratu zituen ateak Altamirako kultur etxeak alarma egoeragatik. Ateak zabalduta, Rosa Mari Gabantxoren lanak ikus daitezke ekainaren 20ra arte.
Artelanak Altamirako kultur etxean eskegi eta pare bat egunera ateak zarratu behar izan zituzten, koronabirusaren alarma egoeragatik. Orain, hala ere, kultur etxea zabalik dago berriro, eta Rosa Mari Gabantxo bermeotarraren Nire biziko margolanak erakusketa bisitatu daiteke. Ekainaren 20ra arte bisitatu ahalko da erakusketa, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara. Asteburuan bisitatu gura dutenek Gabantxogaz harremanetan jarri beharko lukete.
Altamirako kultur etxeko aretoko hormak artelanez beteta daude; tamaina eta teknika ugariko lanak aukeratu ditu Gabantxok erakusketa horretan jartzeko. Arkatzez egindako lanak, akuarelak, olioak, collage-ak, akrilikoa, erliebeak… ikus daitezke Busturian. Erakusketan dauden lanez gain, argazkiz osatutako liburuak ere jarri ditu Gabantxok, etxean dauzkan beste lan batzuk erakusteko. Hainbat teknika lantzen dituen arren, dioenez, akrilikoak egiten sentitzen da hobeen; «errakuntzak zuzentzeko aukera ematen du, eta arinago sikatzen da».
Konfinamenduan, hala ere, erliebeak egiten ibili dela dio, lau egin ditu: «Burua horretan eduki dut, eta ondo etorri zait». Erliebeak egitea gustukoa du, lan handia ematen duten arren. Egin gura duenari argazkia ateratzen dio alde guztietatik, eta horretatik abiatuta egiten ditu erliebeak: «Egurra, paper pasta, kristala… erabiltzen ditut lan horiek egiteko, xehetasun guztiekin. Gauza asko eduki behar dira mahai gainean, eta etxera inor ez zetorrenez, momentu ona zen lan horiek egiteko».
Lanak egin orduko lekuetara joaten da, eta batzuetan lekuan bertan margotzen geratzen dela dio. Beste batzuetan, berriz, hiruzpalau argazki atera eta etxean egiten du lan.
Beste gauza batzuk marrazten baditu ere, paisaiak egitea du gustukoen, eta batez ere, Urdaibai; «Urdaibai da nire inspirazioa, beti egongo nintzateke Urdaibai margotzen». Erretraturen bat edo beste ere ikusgai jarri du. «Zaila da erretratuak egitea, batez ere, ezagutzen duzun pertsona baten erretratua egin gura duzunean, izan ere, antza aurkitu behar dio».
Zaletasunez marrazten du Busturiko bizilagunak, eta gaztea zela hasi zen. Etxea beteta dauka, «200 lan baino gehiago». Lanak salgai dauzka, hala ere, lan bat saltzen duenean «pena» ere ematen diola aipatu du; «ona izaten da, hala ere, nire lanak non dauden badakidalako».
Dioenez, ilusioa ematen du lanak erakustea, eta «pozik» dago Busturiko erakusketa ikustera etorri direnei «asko gustatu» zaielako.
Zozketa. Erakusketa bisitatzera doazenek zozketa batean parte hartzeko aukera edukiko dute, gainera. Gustukoena duten artelanaren zenbakia sartu beharko dute kutxa batean, harremanetarako telefono zenbakiagaz batera. Erakusketa amaitzen denean, artelan baten zozketa egingo du.