Asteburu honetan zabalduko dute Urdaibai Bird Center
Itxita egon den bitartean Urdaibaiko padurak behatzeko eskaini dituzten zuzeneko emanaldietan 180.000 bisitaritik gora eduki dituzte. Emanaldiekin jarraituko dute.
Zapatuan [ekainak 13] zabalduko dute zentroa, segurtasun neurri eta protokolo guztiak barne hartuta. Zentroaren dimentsio handiekin segurtasun-distantzien mantentzea bermatuko dute, eta horrez gain, edukiera-mugak, higiene-neurriak eta maskararen nahitaezko erabilera ziurtatuko dute.
Gainera, berrikuntzekin egingo dute itzulera. Urdaibaiko Erreserbak dituen “zenbait mirari naturalen erakusketa harrigarri bat” estreinatuko dutela iragarri dute. Hegaztiak ez ezik, erreserbak eskaintzen duen biodibertsitatearen “adibide paregabeak” jasoko dituzte bertan.
Azken hilabeteetan, jendearentzako itxita egon da zentroa, baina euren eskaintzak ez du etenik eduki, eta esan dutenez, konfinamenduan zehar 180.000 bisitaritik gora izan dira Urdaibaiko paduren zuzeneko emanaldiekin bat egin dutenak: “Martxoaren erdialdetik hasita, ia atsedenik gabe egin dugun lana gogorra izan da, hala eta guztiz ere, saria ere handia izan da, Urdaibaiko Biosfera Erreserba erakutsiz hainbeste etxetara iritsi izana. Katalunia, Madril eta Bilbo Handia izan dira jarraitzaile fidelenak”.
Eskaria dela eta, emanaldiekin jarraituko dute, jendeak etxetik Urdaibaiko biodibertsitateaz gozatzen segitu ahal dezan. Zehaztu dutenez, Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen mokozabalak, elkar gorteiatzen dabiltzan arrano arrantzaleak, paduran ugaltzen ari diren zankaluze dotoreak eta egunero inguruan dabilen azeri bat izango dira zuzenean ikusi ahal izango diren protagonistetako batzuk. “Naturarekin konektatzeko unea iritsi da eta horretarako Urdaibai Bird Centerra primerako aukera duzue”.