Nik BermeON kanpainaren baitako lehenengo ekintza martxan da
Ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetan biniloak jarri dituzte, eta bideo bat ere egin dute herrian kontsumitzeko gonbidapena eginez.
Bermeoko Udalak Nik BermeOn kanpaina aurkeztu zuen duela egun batzuk. Kanpaina horren bitartez, udalak herrian kontsumitzera animatu gura ditu herritarrak; izan ere, udalak badaki Bermeoko ekonomia berrindartzeko “ezinbestekoa dela, neurri handi batean,” herria bide horretan inplikatzea. Horregatik, kanpainaren lehenengo ekintza martxan jarri dute.
Hala, herriko ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetan biniloak jarri dituzte, “sartzeko eta bertan kontsumitzeko gonbidapena eginez”. Gainera, udaletxeko balkoian eta udal merkatuko sarreran, kanpainaren logoa daramatzaten olanak jarri dituzte. Bestalde, Aritz Abaroa alkateak idatzi duen eta herriko etxebizitzetan banatuko den gutun batek ere, mezu bera gogorarazten du. Azkenik, Bermeoko Udalak bideo bat kaleratu du. Horretan, hainbat merkatarik euren negozioen ateak zelan zabaltzen dituzten ikus daiteke: “Orain Bermeoren, bermeotarren eta herriko ekonomia berrindartzearen unea delako”.
“Erraza izango ez bada ere, denon artean helburua lortuku dugu”, diote udal arduradunek. Merkatariek eta ostalariek herria kolorez betetzen laguntzen dutela diote: “Dena eskura jartzen digute, eta eurak dira erosteko orduan garrantzitsuena ematen digutenak: euren bermea. Lekuan bertan kontsumitzea kalitatea bermatzea da, eta baita, herrikideari laguntzea ere”.
Nik BermeON kanpainaren baitan hainbat ekintza antolatuko dituztela gogorarazi dute; asteon abiarazi da lehenengoa, eta diotenez, datozen asteetan aurkeztuko dituzte gehiago.