Maskara janztea, nahitaezkoa, "normaltasun berrian" ere
Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak gaur onartu du "normaltasun berria" arautzeko lege dekretua; esan dutenez, indarrean egongo da Espainiako Gobernuak "krisia amaitu" dela erabaki arte. Maskarak derrigorrez erabili behar direla eta hori errespetatzen ez dutenei 100 euroko isuna jartzea aurrikusi du dekretuak.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartu du “normaltasun berria” arautuko duen lege dekretua. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak azaldu duenez, arau horrek ez du iraungitze data zehatzik izango, eta indarrean egongo da pandemia amaitu edo birusaren aurkako txerto edo sendagai eraginkorren bat aurkitu arte. Ordura arte, derrigorrezkoa izango da maskara eramatea edo segurtasun distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izatea. 6 urtetik gorakoek nahitaez jantzi behar dute maskara, eta derrigorra denean erabiltzen ez dutenek 100 euroko isuna ere jaso dezakete.
Illak berretsi du hilaren 21etik aurrera alarma egoera desagertuko dela, eta erkidego guztiak normaltasun berrirako bidean hasiko dira, “ezustekorik gertatu ezean”. Horren harira, osasun ministroak gogorarazi du lau arau bete beharko dituztela herritarrek: “Nahitaez maskara eramatea, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea, eskuak garbitzea eta higienerik handiena gordetzea espazio publiko eta pribatuetan”.
Neurri horiek ere garrantzitsuak izango dira ikastetxeetan edo lan zentroetan. Azken horietan enplegu emaileek langileen arteko segurtasun distantzia bermatu beharko dute, edo, bestela, babes ekipoak eman beharko dizkiete.
Ministroaren hitzetan, erkidego guztiak behartuko dituzte ospitale eta zaharren egoitzetan kontingentzia planak ezartzera, pandemia berriz ez pizteko. Illak azaldu duenez, Gobernuak, txerto eraginkorrik sortu ezean, azken hitza izango du neurri horiek kentzeko. Hala ere, Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluaren eta Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroagaz (CCAES) arrazoitu beharko du erabakia Espainiako Osasun Sailak. “Gaur onartu dugun errege dekretuko neurriak indarrean egongo dira Gobernuak erkidegoei entzun ondoren eta CCAESen txosten batekin krisia amaitutzat jo arte”.
Susmagarrietan, testak. Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdiena ez ezik, EAJren babesa ere izango du dekretuak; baita Ciudadanos eta ERCrena ere. Jeltzaleek herenegun arratsaldean jakinarazi zuten baiezkoa bozkatuko zutela, haien arabera araudi berriak “Euskadiren autogobernua bermatzen duelako eta konpetentzien zentralizazio posible baten inguruko zalantzak alboratzen dituelako”.
Espainiako Gobernuak jaso berri dituen babesei esker, Kongresuan aurrera aterako da dokumentua, eta ezarritako neurrien ildotik eutsiko dio. Osasun arloko jarraibideei dagokienez, kasu susmagarri guztietan nahitaezkoa izango PCR diagnostiko testa edo antzekoa egitea. Erkidegoek ere datu epidemiologikoak ematen jarraitu beharko dute, orain arte bezala jaraipena egiten jarraitzeko. Dekretuan jasotzen denaren arabera, gainera, erkidegoetako osasun sistemek kontingentzia plan bat izan beharko dute, ospitaleek beren ohe erabilgarrien kopurua gehienez ere bost eguneko epean handitu ahal izateko, egoerak okerrera egiten badu ere. Bide horretatik, Madrilek betebehar zorrotzagoak ezarriko dizkie gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeei. Horien artean daude zaharren egoitzak; osasun agintariei kontingentzia plan bat eskaini beharko diete, balizko susperraldien aurrean jarduteko protokoloagaz.
Garraioen arloan, berriz, eta kutsatzeak saihesteko asmoz, Espainiako Gobernuak betebehar batzuk ezarriko dizkie zerbitzu horiek ematen dituztenei.