EH Bilduk Burujabetasun zelairako erabilera jasangarriak proposatu ditu
Uda partean burujabetasun zelaiak "erabilera handia" izaten duela ikusita, ezaugarri ezberdinetako proposamenak prestatu dituzte. Horiek lan dokumentu modura hartzea eskatu diote udal gobernuari.
Joan den barikuan Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zela aprobetxatu zuen Bermeoko EH Bilduk Burujabetasun zelairako erabilera jasangarriak proposatzeko. “Ingurumenak duen garrantziaz kontzientziatzeaz gain, ekintzetara pasatzeko ordua dela” uste dute EH Bilduko zinegotziek.
Uda partean burujabetasun zelaiak “erabilera handia” izaten duela ikusita, ezaugarri ezberdinetako proposamenak prestatu dituzte; “batzuk erraz martxan jartzekoak, eta beste batzuk, berriz, lanketa sakonagoa behar dutenak”. Proposamenak lan dokumentu modura hartzea eskatu diote udal gobernuari, “honen gainean eztabaidatu eta adostasunak bilatzeko borondate osoagaz”.
Biodibertsitatearen eta naturaren kontserbaziorako ekintzak egitea da proposamenetako bat. Hala, horien ustez, lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzea ondo legoke, bertako erabiltzaileekin elkarlanean. Bestalde, narrastien habitaten kontserbazioa eta lehengoratzea egitea ere proposatzen dute.
Hondakinen sorrera murrizteko, hondakin sanitarioen kudeaketa zuzena egiteko edota zigarro-puntak lurrera ez botatzeko mezuak jartzea proposatzen dute, bai eta hondakinen birziklapen egokia egiteko azpiegiturak jartzea ere.
Uraren erabilera jasangarria egitea ere beharrezkoa dela uste dute: “Suposatzen da erabiltzaileen kopuruak gora egitean, bertako iturri eta dutxetako ur kontsumoak ere gorantz egingo duela eta kontsumo arduratsurako mezuak zabaltzea garrantzitsua dela uste dugu”.
Bestalde, motordon ibilgailuen kontrola areagotu beharko litzatekeela diote.
Parte hartzea ere aipatzen dute aurkeztu duten lan dokumentuan. Burujabetasun zelaiaren erabiltzaileen ahotsa entzuteko kanalak irekitzearen garrantzia aipatu dute. Era berean, inguruko ikastetxeekin elkarlanean, ingurumen hezkuntza lantzeko espazioa egokitu eta baliabide didaktikoak sortzea ere ondo legokeela uste dute EH Bilduko zinegotziek, bai eta ingurumen boluntariotzarako ekimenak entolatzea ere.
Azkenik, Tonpoiko eta Talako proiektuekin lotzeko aukera aztertzea eskatzen dute, “azpiegitura berdea sendotzeko aukera” ematen baitu.