Egoera berrira moldatuko diren ekimenak egingo dituzte Bermeoko jai eta ospakizunetan
Segurtasun eta osasun neurriek ez dute aukerarik ematen jaiak urtero egiten diren modura egiteko. Hortaz, Bermeoko Jai Batzordeak aho batez onartu du egoera berrira moldatuko diren ekimenak egitea.
Aurtengo udako jaiak ez dira ohi modura egingo, ez da ohiko formatua erabiliko. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, COVID-19ak sortu duen egoerara moldatu beharko dira ospakizun guztiak. Erabakia aho batez hartu zuen joan den astean Bermeoko Jai Batzordeak, gaur egun indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek jaiak urtero bezala egitea ezinezkoa zela ikusi eta gero. Hala ere, Jai Batzordea egoera berrira egokitutako ospakizunak nola antolatu daitezkeen pentsatzen dabil, urteroko tradizioak ezerezean ez geratzeko.
Helburu nagusia, jende pilaketak saihestea eta osasun eta segurtasun neurriak behar bezala beteko dituzten ekimenak egitea dela azaldu dute.
San Juan bezperan, esaterako, ez da surik egingo Goiko Plazan. Eta, San Juan egunean bertan, Gaztelugatxe zarratuta egongo dela azaldu dute, ez da mezarik egongo baselizan.
Madalen Egunean teila botatzera joango dira Izarora, eta ikurriña eta Bermeoko bandera ere jarriko dituzte uhartean. Handik, berriz, bueltan etorriko dira Bermeora; ez da bisitarik egingo ez Elantxobera ezta Mundakara ere.
Abuztuaren 16an, San Roke Egunean, urtero Talan antolatzen den arratsaldeko ekimena ere ez dela egingo aipatu dute.
Azkenik, irailaren 7an hasten diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek ere “aldaketa nabarmenak” izango dituzte. Bermeoko Udala eta Jai Batzordea aukera ezberdinak aztertzen ari dira beste era bateko ekintzak antolatzeko, betiere, osasun eta segurtasun neurriak zorrotz betearaziz.
Jaietako liburua, hala ere, kaleratu egingo dute: “Liburuak jaietako programa jasotzeaz gain, Bermeorekin lotutako istorioak ere jasotzen ditu. Hau dela eta, herritar askok liburua gordetzen dute urtero”. Gauzak horrela izanik eta liburuxka horren azala Bermeoko jaietako kartela izaten dela kontuan hartuta, jaietako kartelaren lehiaketarekin zein jai-liburuarekin aurrera egitea ontzat eman dute.