2020an Barne Produktu Gordina %8,7 jaitsiko dela aurreikusi du Jaurlaritzak
Aurten langabezia-tasa %13,7an kokatuko dela eta lanaldi osoko 68.000 lanpostu galduko direla esan du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak bere aurreikuspenak berrikusi ditu eta horiei buruzko azalpenak eman dituzte gaur Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak. Beretzat legegiltzaldi honetako agerraldirik “gogorrenetakoa” dela esan du Azpiazuk “oso egoera ekonomiko zaila daukatelako aurrean”.
Eusko Jaurlaritzak beherantz berrikusi ditu aurtengo aurreikuspen makroekonomikoak; 2020an BPGa % 8,7 jaitsiko dela eta 2021erako % 6,7 hazkundea aurreikusi ditu. Azpiazuk dioenez, langabezia-tasa %13,7koa izango da aurten, eta % 12,2koa 2021ean. Hain zuzen, aurten lanaldi osoko 68.000 lanpostu galduko direla aurreikusi dute (%7ko jaitsiera), eta 2021ean 48.000 inguru berreskuratzea espero dute.
Azpiazuren berbetan, 2020an, barne-eskaria izango da koronabirusaren “eragin handiena” jasango duena, funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazi egingo direlako eta mugimenduari mugak jarriko zaizkiolako: “Zehazki, kalkulatzen denez, barne-eskaria %7,8 jaitsiko da urte osoan. Eta bai kontsumoak bai inbertsioak jaitsiera handiak izango dituzte aurten. Kapital-eraketa gordinaren urteko batez bestekoa %9,6 murriztuko da. Koronabirusak sortutako ziurgabetasuna, ohiko jarduerari berrekiteko zailtasunak, hornidura-kateen haustura eta kanpoko eta barruko eskaeren ezeztapena dira enpresen itxaropenen galeran eragina duten arrazoi ugarietako batzuk, industria arloko giroari buruzko datuek erakusten duten bezala”.
Prezioek beheranzko joera erakusten dutela zehaztu du, eta urruntzeko, konfinatzeko eta merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduak ixteko neurriek eragin zuzena izango dutela familien kontsumoan. “Kontsumo horrek batez beste urteko %10,5 inguru egingo du behera”, azaldu du sailburuak. 2021ean berreskuratu eta “igoera oso handia” izatea espero dute (%8,5). Esportazioak eta inportazioak “nabarmen jaitsiko” direla gaineratu du.
Sektoreka. Sektoreei dagokioenez, aurten jarduera nagusi guztiek murrizketa “oso esanguratsuak” izango dituztela zehaztu du Azpiazuk: “Salbuespena lehen sektorea izango da, balio erantsia galduko duen arren, ehuneko apalean bada ere (-%3,8)”.
Zerbitzuak dira “gehien kaltetutakoak”; aurreikusten dutenez, sektoreak balio erantsiaren %9 galduko du aurten, eta ia %7 berreskuratuko du hurrengo urtean. Industriak, bestalde, %7,8 murriztuko du balio erantsia 2020an, eta hurrengo urtean %6,4 berreskuratuko du. Eraikuntzak jardueraren %5,4 galduko du, eta “datorren urtean parte handi bat berreskuratuko” duela aurreikusi dute.
Aurreikusitako agertokiak, kontu publikoetan eragin zuzena izango duela-eta, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia aitatu du sailburuak. Jaurlaritza aldundiekin eta Eudelekin ari da lanean, ondorio horiek zehazteko eta modu koordinatuan kudeatzeko. Lankidetzarik “handiena” behar dela nabarmendu du. Diru bilketaren jaitsiera %18 ingurukoa izango dela uste dute, apirilean aurreikusitakoa baino txikiagoa. Bere aukeren barruan, Jaurlaritzak “behar beste” zorpetzeko arazorik ez daukala esan du: “Estatu osoan zor txikiena daukan autonomia erkidegoa gara. Superabita daukagu 2017tik. Batzuk zuhurregiak garela esan digute, baina ikusitakoak ikusita, uste dut lau urtez defendatu eta landu dugun estrategia egokia izan dela”.