"Ondo aprobetxatu baldin badugu, bizitzak aukera bat eman digu"
Konfinamenduak harremanetan izan duen eraginari buruzko azalpenak eman ditu Ana Vallesek. Besarkadek daukaten garrantziaz konturatzeko balio izan duela uste du.
Konfinamenduak harremanak aldatu ditu. Gizarte sozial batean bizi garen heinean, zelan eragin du horrek?
Oraindik datu zehatzak ez dauzkagu mahai gainean, ikerketak egiten dabiltza. Egia da, egoera apur bat nahasia izan dela. Etxe bakoitzak egoera bat dauka, eta hori ere kontuan izatekoa da. Birusa egon den etxeetan, esaterako, harremanak muturrekoak izan dira. Uste dut seme-alabak dauzkaten familiek edo denbora faltagatik bikotekideagaz egoteko denborarik ez daukaten horiek, konfinamendua ondo aprobetxatu baldin badute, probetxugarria izan dela. Mutur bate
tik bestera joan gara, eta etxea bihurtu da dena egiteko espazioa: lana, kirola, ekintzak… Norberaren kudeaketa da garrantzitsua. Asertibitatea komunikatzen ikasi baldin bada, enpatia landu baldin bada eta errespetuz jokatu baldin bada, ziurrenik ondo joan da konfinamendua. Hala ere, haserreak eta eztabaidak sortzea ere normala da, 24 ordutan elkarrekin egotera behartuta bazaude. Egunerokotasuna etxe barruan egitera behartuta egon gara, eta horretara ere moldatu beharra daukagu.
Konfinamenduan, trantsizio momentuak ere bizi izan dira.
Hala da, bai. Hasiera batean, denok geldi egon ginen, eta aldaketak egin genituen, goitik behera. Hasieran, gauzak egin eta egin ibili zen jendea, eta uste dut horrek estres egoera batera eroan duela jendea. Momentu batean egoerak eztanda egin zuela esango nuke, kanpoko bizitza etxe barruan egiten saiatu izan garelako. Ondoren, familia bakoitzak ikasi du egoera kontrolatzen eta hoberantz egiten. Egoerak hoberantz egin zuela uste dut umeek kalera ateratzeko aukera izan zutenean. Arnasa hartzeko aukera eman zuen horrek. Konfinamenduko bi hilabeteetan, hortaz, bizitzan gertatzen den modura, etapak bizi izan ditugu.
Etxean egon garen denbora honetan nabaritu da ez gaudela komunikatzera, asertibitatea lantzera eta enpatikoagoak izatera ohituta
Komunikatzeak garrantzia dauka harremanak hobeto joan daitezen?
Oso garrantzitsua da. Asertibitatea landu behar da, eta emozioak eta errealitatea azaltzea garrantzitsua da, betiere, bestea mindu barik. Enpatia, errespetua eta komunikazioa oso garrantzitsuak dira. Orain konturatu gara horien garrantziaz. Ez da orain sortu den metodo berri bat, gure egunerokotasunean erraztasunak emateko balio duten baloreak dira. Horrek ez du esan gura haserrealdiak egongo ez direnik; egon behar dira, eta egongo dira. Baina harremanak bideratzen jakin behar dugu. Etxean egon garen denbora honetan nabaritu da ez gaudela komunikatzera, asertibitatea lantzera eta enpatikoagoak izatera ohituta. Hiru horiek herraminta garrantzitsuak dira, eta ondo aprobetxatzen jakin duenak aukera on bat eduki duela uste dut.
Zein da adinik zailena?
Errealitate bakoitzaren araberakoa dela esango nuke, baina nerabezaroa izan daiteke zailena. Gurasoekin berba askorik egiten ez duten adin batean daude; badaukate zer kontatu, baina ez dute helduekin berbarik egin gura. Etxean geratu beharra eduki dute, eta sasoi horretan lagunekin izaten dute harremanik handiena. Konfiantza handiena eurekin izaten dute, eta lagun arteko harreman barik geratu dira egun batetik bestera. Telefonoa eta Interneta eskura daukaten arren, ez da berdina. Uste dut, hortaz, adinik gorabeheratsuena hori izan dela. Kalean ikusi da ateratzeko baimena eman eta zelan ibili diren. Elkartu egin gura dute, gauzak kontatzeko. Beharrizan hori eduki dute. Nerabeak, gainera, apur bat ahaztuta egon dira. 14 urteko batek ez du familiako bategaz kalera irten gura, lagunekin egon gura du.
Orain distantzia mantendu behar dugu. Zelan eragiten du?
Hasieran hotza sentitu daiteke. Ezin daiteke besarkadarik ezta musurik eman. Besarkada batek epeltasuna ematen du, asko transmititzen du. Orduan, norberaren izaeraren araberako eragina izan dezake. Badaude gustura daudenak besarkadak gustukoak ez dituztelako, baina kontrakoak ere badaude. Hasierako agurra aldatuko du honek guztionek.
Besarkada batek duen garrantziaz ohartarazi gara. Uste dut orain gehiago ematen direla, ez dela horrenbeste kostatzen alboan daukagun horri besarkada bat ematea
Egoerak zelan eragin al du hasten dagoen bikote batean?
Batzuentzako aukera bat izan daiteke, baina errealitate asko daude hemen ere. Pertsona askok, hasieran, film bat bizi dute. Orduan, horiek, elkarrekin egoteko aukera modura ikus dezakete, erromantizismo puntua bilatuta. Maitemintze fasean pertsona horregaz egon gura duzu ahalik-eta denbora gehien. Alboan daukazun pertsona hori ezagutzeko balio izan du. Gertatu ahal izan da pertsona horren izateko modua ez gustatzea eta harremanak aurrera ez jarraitzea. Egongo ziren baita ere hasten egon diren bikoteak, baina banatuta egon direnak. Ezin ikutu eta ezin ikusi horrek urruntzea ekarri dezake, baldin eta ez baduzu modu egokianerabiltzen telefonoa edo Internetak ematen dituen aukerak. Lagundu egiten dute, noski, baina ez da berdina.
Teknologia berriek orduan ez dute denetarako balio.
Azkenean hasi gara horretaz konturatzen. Oso ondo daude, eta lagungarriak dira, baina aurpegierak edota aurpegia ezin daitezke ondo ikusi.
Gauza berriak ikasteko balio izan du konfinamenduak?.
Bai, noski. Besarkada batek duen garrantziaz ohartarazi gara. Uste dut orain gehiago ematen direla, ez dela horrenbeste kostatzen alboan daukagun horri besarkada bat ematea. Besarkada batek asko esaten du. Azalaren garrantziaz ere konturatu gara; gorputz guztia dago azalagaz inguratuta, eta oso sentikorra da. Plazerra gure gorputzeko toki batzuetan baino ez dugu aurkitzen, ez gara konturatzen sexualitatea eta gorputza askoz ere zabalagoak direla eta besarkada bakar bategaz gauza asko esan eta transmititzen direla. Uste dut ondo aprobetxatu baldin badugu, bizitzak aukera bat eman digula. Hausnarketa egin beharko genuke faltan izan dugun hori zer den jakiteko, bai eta zer gura dugun jakiteko ere. Momentua da gura ez ditugunak albo batera uzteko eta gura duguna bilatzeko. Ez da egoera erraza, ezta polita ere, baina aukera moduan ikusi behar dugu.
Bermesex zerbitzuan gazteekin lan egiten duzu. Erraz hurbiltzen dira?
Kosta egiten zaie. DBHko ikasleekin lan egitera joaten gara ikastetxeetara, eta horiekin egon ostean, epe labur batean hurbildu egiten dira. Nerabeek momentuan pentsatzen dutena egiten dute. Konfinamenduaren hasieran WhatsApp edota deiak izan genituen. Arraroa egin zitzaigun, egia esan. Arazo batzuen aurrean, etxean egonik, ez zekiten zelan aurre egin. Kezkak, hala ere, ez zeukaten konfinamenduagaz zerikusirik; harremanak, haurdunaldiren bat… Orain baretu egin da dena.