Espainiako kongresuak alarma egoeraren azken luzapena onartu du
EAJk baiezko bozka eman dio luzapenari, eta orain arte modura, abstenitu egin da EH Bildu. Seigarren luzapena izan da gaurkoa. Alarma egoera amaitzen denerako neurriak iragarri ditu Sanchezek. Seigarren eta azken luzapena "desberdina" izango dela azaldu du Sancheze, "egoerara egokitutakoa".
Minutu bateko isiluneagaz hasi du gaur [maiatzak 3] Espainiako Kongresuak alarma egoeraren luzapena eskatzeko osoko bilkura. “Okerrena” igaro dela esan du Pedro Sanchez presidenteak. Lorpen hori “guztion arrakasta” izan dela gaineratuz. Hala ere, alarma egoera azkenengoz luzatzea beharrezkotzat jo du Sanchezek. Hori bai, desberdina izango dela azaldu du, egoerari egokitua: «murriztailea izatetik, gero eta malguagoa izango dena».
Alarma egoeraren defentsa egin behar izan du Sanchezek, oraingoan ere. «Alarma egoera ez da inoiz Gobernuaren kapritxo bat izan, eta bizitzak salbatzea beste helbururik ez du izan». Eta pandemiari aurre egiteko kudeaketa defendatu du, gehien behar dutenentzat onartutako laguntzak «justizia kontua» direla esanez. Egoera ekonomikoa latzaren aurrean, ekonomia berreraikitzeko batasuna ere eskatu die talde politiko guztiei, krispazioa eta zatiketa alde batera uztea krisiari aurre egin eta berreraikitzeari ekiteko. Bestalde, alarma egoera bukatzen denerako kasuen goraldiak ekiditeko neurriak jasotzen dituen lege dekretua iragarri du, datorren asteko ministro kontseiluan onartuko dutela esanez: «Txerto edo tratamendu terapeutiko eraginkor bat izan arte kontuan hartu beharko ditugun osasun neurriak arau bakar batean bildu nahi dira».
Gehiengoa. Seigarrenez onartu du Kongresuak Gobernuak alarma egoera zabaltzeko egindako proposamena, eta ekainaren 21a arte iraungo du. Proposamenez proposamen, Espainiako Gobernuak gero eta zailagoa izan du onespena, eta babes gutxiago izan du. Hala ere, aurreikusten zen modura, gehiengoa ziurtatua zeukan dekretuaren luzapenak, eta proposamenak aurrera egin du Espainiako Gobernuan dauden PSOEren eta Unidas Podemosen baiezkoarekin, EAJren eta Ciudadanosen babesarekin eta ERCren eta EH Bilduren abstentzioekin.
EAJk baiezko bozka eman dio alarmaren luzapen dekretuari, bi eskaera eginez: bata ekonomia egonkortzeko lanak lerro berri batean eta urgentziaz egitea, eta bestea, erkidegoen arteko mugikortasun horri buruz dekretu horretan idatzita dagoena berriro aztertzea. EAJren konfidantza duela esan zion Estebanek Sanchezi, baina konfidantza hori eusteko Gobernuaren ekimenak aldez aurretik ezagutu nahi dituzte.
Sanchezek azaldu duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori». Eta iragarpen horregaz «pozik» agertu da EAJ. «Zentzuzkotzat» jo du Aitor Estebanek hirugarren fasean autonomietako presidenteek erabakitzeko gaitasuna izatea.
EH Bilduk, orain arte modura, «arduratsu eta koherente» jokatuko duela esan du, eta abstenitu egin da: «gure abstentzioarekin alarma egoeraren azken luzapena baimenduko dugu». Espainiako Gobernuaren jokabide onak eta txarrak plazaratu ditu EH Bilduk.
Alde batetik, Mertxe Aizpuruak, alarma egoeran boterea berzentralizatzeagatik kritikatu du Sanchez, eta akats hori berriro ez errepikatzea eskatu dio. «Lurraldeek beren burua gobernatzeko duten gaitasuna errespetatu behar da beti». Hala ere, erabaki egokiak hartu direla ere onartu du, hala nola, ERTEak malgutzea edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera onartzea. «Pandemia honek herritarrei mesede egiteko oinarrizko adostasunak posible direla erakutsi du», esan du. Berreraikitze bidean ezkerreko politikak lehenestea eta krisia «langileek berriro ez ordaintzea»ere eskatu dio Aizpuruak Sanchezi.