Eskualdeko turismo enpresei egoera berrira egokitzen laguntzeko gida praktikoa emango diete
Pandemiak sortutako arriskua kudeatzen, kontigentzia plan bat egiten eta bezeroei eman beharreko informazioa zehazten lagundu gura diete. Tailerrak eta hitzaldiak ere eskainiko dizkiete.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak Busturialdeko enpresei lagundu gura diete osasun krisiaren ondorioz ezarritako prebentzio neurrietara egokitzen, eta horretarako gida kaleratuko dute. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Zerbitzuak, Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Bermeoko, Mundakako eta Gernika-Lumoko turismo bulegoak bat egin dute, turismo enpresei “COVID-19ari aurre egiteko neurrien interpretazioa errazteko eta normaltasun berrira egokitzen laguntzeko”.
Datorren astean, tresna informatiko berri bat jarriko dute Urdaibai eskualdeko enpresen eskura. Horren bidez, COVID- 19ak sortutako arriskuak kudeatzen, kontigentzia-plan bat egiten eta bezeroei eman beharreko informazioa zehazten lagunduko dien gida bat edukiko du jarduera bakoitzak.
Gida praktikoak pandemiaren esparruan sortutako erregulazio eta gomendioen aurrean, turismoaren sektorerako tresna erabilgarria izateko asmoa daukana. Eta ekimen honek Tourdaibai Urdaibaiko Turismo Iraunkorreko Enpresarien Elkarteak egindako eskaerari erantzuten diola diote.
Erraztasunak emateko. Pandemiak eragindako arriskua beren jardueran nola kudeatu identifikatzen lagunduko die trena berri honek, eta modu didaktikoan kontingentzia-plana egiteko erraztasunak eskainiko dizkiete.
Langileek eta bezeroek jasaten dituzten kalteen aurrean enpresek hartu beharreko neurriak eta bezeroari eman beharreko informazio neurriak eta informazioa emateko moduak (dossier eta kartelak) prestatzen lagunduko diete. Gainera, gidak turismo sektoreko jardueretara (ostatuak, jatetexeak, turismo aktiboko jarduerak eta bisitarientzako arreta) egokituta egongo dira. “Modu didaktikoan eta sektore turistikoei egokituta (ostatuak, jatetxeak, turismo aktiboko jarduerak, bisitarien arreta jarduerak) azaltzen da nola egin kontingentzia-plan bat, zer neurri hartu langileen eta bezeroen kasuan eta zer informazio eman bezeroei”.
Hainbat azpisektoretako tokiko 30 turismo enpresei tailerrak emango dizkiete online. ICTEk (Espainiako Turismo Kalitaterako Institutua) argitaratutako protokoloetan jasotako neurriak ezartzeari buruz ariko dira, eta enpresa bakoitzaren jarduerara itzultzeko behar dituzten neurri eta dokumentuekin metodologia sistematizatzeari buruz ere berba egingo dute.
Horrez gain, datorren astean hainbat hitzaldi eskainiko dituzte online. Gura duten turismo enpresek, hartu beharreko neurrien inguruan sektoreko adituek egingo dituzten analisiak entzuteko aukera izango dute, ordubetez.
Turismo jasangarria. Enpresi laguntzea helburu duen ekimen hau “Urdaibai- Busturialdeko Turismo Jasangarriaren Estrategiaren barruan” sartzen dela zehaztu dute. Aipatu erakunde eta turismo bulegoek iaz jarri zuten martxan estrategia hori Urdaibai-Busturialdeko Turismo Iraunkorraren Estrategia bultzatzeko asmoz: “2019ko abenduan Urdaibai Biosfera Erreserba Turismoaren Europako Gutunera atxikitzeko proposamena dela-eta sortu zen aipaturiko estrategia turistikoa, eskualdea norako turistiko kalitatezko, arduratsu eta seguru gisa bultzatzeko, Euskadi mailan erreferentziazkoa izango dena”.