"Berrasmatzen ari gara; beste euskarri era batzuk asmatzen gabiltza"
Igor Ercilla soinu teknikariaren berbetan, berez gremio prekarioa da eurena, eta COVID-19ak sortutako egoeragaz, erabat zapalduta geratu da. Guzti honetatik indartsuago irtetzea nahiko luke.
Koronabirusak kultur arloan eduki duen eragina asko aipatu da. Batik bat sortzaileengan jarri da arreta, baina, kultur arloan lanbide asko daude. Soinu teknikariena da kultur jardueretan ezinbesteko lanetako bat. Igor Ercilla soinu teknikariak dio instituzioen konpromisoa ezinbestekoa dela, eta uste du kulturarekiko nola jokatuko dugun zehazteko ildo berdina egon beharko litzatekeela, erabaki eta neurri zehatz eta berdinekin.
Pandemiaren mamua somatzen hastean, babes neurririk hartu zenuten?
Bai, barne-neurriak hartu genituen: eskuak sarriago garbitzea, dena desinfektatzea, metro bateko distantzia mantentzea.. Etxean konfinatuta egon ostean, orain enpresara goazenean dagozkigun neurriak betetzen ditugu, eta martxan hastean, zuzenekoetara zein kaleko ekitaldietan ere bete beharko ditugu. Materialak, soinu-mahaiak, mikrofonoak eta gauza guztiak desinfektatu beharko ditugu. Instalazioak eta muntaiak egiten ditugu; hainbat gauzatan aritzen gara: Kontzertuetan, antzerkietan, enpresen ekitaldi korporatiboetan, alderdi politikoen mitinetan, sindikatuen ekitaldietan…
Enpresan murrizketarik eduki duzue?
Enpresa ERTEan daukagu martxoaren 14tik. Lantaldean hamabost pertsona gara, baina lan karga handia dugunean, autonomo eta soinu teknikariak kontratatzen ditugu. Horiek beste hamar bat dira. Orain hiru geratu gara. Gremio hau oso ezegonkorra da, une batzuetan lan karga handitzen da, eta bat-batean lan gutxi daukagu. Ikus-entzunezkoen sektorea berez gogorra da. Gremio hau berez prekarioa da, eta COVID honegaz guztiz zapalduta geratu da, eta ondo egongo litzateke guzti honetatik indartsuago irtetea, oinarri batzuk jarrita; honetara dedikatzen diren langileak eta enpresak duintasunez edo behintzat gutxieneko batzuetan lan egin ahal izateko. Eta ez prekarietatean lan egitera. Hori eskatzen diet instituzioei.
Noiz eta nola harrapatu zintuen pandemia honek?
Martxoaren lehen hastetik ibili ginen ikusten zer zetorren. Urtero joaten garen teknologia feria batean egon ginen, Amsterdamen. Enpresa batzuk hara joan barik geratu ziren. Bertan ikusi genuen egoera, eta kontu handiz eta beldurragaz bueltatu ginen.
Zein izan zen bertan behera geratu zitzaizuen lehen ekitaldia?
Martxoaren bigarren astean musika sari batzuk banatzeko ekitaldi bat geneukan Gasteizen, eta kamioia beteta geneukala esan ziguten ez joateko, ekitaldia bertan behera utzi zutelako. Segituan ERTEra joan ginen. Dena bertan behera geratzen hasi zen, apirilerako lotuta genituen ekitaldi guztiak, Bilboko Basque festa eta gazte topagunea tartean…
Ekitaldi asko zenituzten aurreikusita hilabeteotarako? Zelako galera ekonomikoa suposatu du zuentzat?
Lanez beteta eduki dugu apirila zein maiatza, hauteskunde kanpaina ere tartean zegoen. Galera oso handia da. Ikus-entzunezko enpresentzat denboraldi onena edota gogorrena udaberria, uda eta udazkena da. Hor batzen da urteko fakturazioaren %75-80; dirutza bat galdu dugu. Gainera, enpresa asko inbertsioetan sartzen gara denboraldi berria hasi aurretik; teknologikoki eguneratuta egon behar gara. Exijentzia handiak daude gure munduan, gero eta gehiago, eta hor egoteko, teknologia berrietara egokitzeko ere kristoren inbertsioak egiten ditugu. Denboraldi berrian aurrera egiteko enpresa pila bat geratu dira inbertsioak eginda.
Datozen hilabeteak zelan aurreikusten dituzue? Ze espero duzue?
Gure betiko bezeroekin eta sektoreko enpresekin berba egiteko barne-lana hartu genuen. Denei deika hasi ginen ze asmo eta aurreikuspen zeukaten jakiteko. Lehenengo maiatza ikutu zen, orain ekainean, uztailean eta abuztuan ere dena bertan behera dago. Orain arte ezagutzen genituen ekimenez ari naiz, jaietako kontzertuak etab. Irailerako ez dakigu zer etorriko den, baina ziurrenik berdina gertatuko da. Beste asko oraindik ez dira bertan behera geratu, antolatzaileak ez direlako ausartzen; informazioa eta aginduak ia astez-aste aldatzen doazelako. Gure gremioa da beranduen lehengoratuko dena. Azkenak izango gara.
Eta nola eman buelta egoera zail honi?
Honek ekarri diguna da beste formatu batzuk aurkezteko aukera; berrasmatzen gabiltza. Zelan eroan ahal diegu sortzaileei euren musika edo antzerkia, eta zelan eman ahal zaio entzulegoari. Hori da hausnarketa. Orain beste euskarri era batzuk asmatu behar ditugu eta horretan gabiltza. Jendeak musika, kultura kontsumitu gura du, eta antolatzaile asko eta udal asko beharrean daude, behar dute. Guzti honetatik argi izpi bat ikustearren, esango nuke enpresa moduan derrigorrean berrasmatzera eragin gaituela. Orain arte zerbitzu batzuk ematen genituen, eta orain beste batzuk eman beharko ditugu. Jada ez dute balio lehengo formatuetan ematen genituen zerbitzuek. Hori interesgarria iruditzen zait, fresko mantentzen zaitu. Beste eremu edo gauza berri batzuk jorratzeko aukera daukagu; ez daukagu beste aukerarik. Adibidez, Streeming-a eskaintzen ari gara, eta funtzionatzen ari da. Ekipoak eta jartzeagaz aparte, produkzio lana eskaintzen dugu, eta orain, segurtasun protokoloak eskaintzen ditugu. Hau da, ekitaldi bat egin nahi dutenei, dauden araudien arabera jarri behar dituzten neurriak guk egiten ditugu. Hainbat gauza aurrera eroan nahian ari gara.
Erakunde publikoen babesa igartzen al duzue?
Ez dago inolako konpromisorik, bertan behera uzten dute eta listo. Hori ez da bidezkoa, ez dago ondo. Instituzioek kulturarako dituzten diruak urteko partidetan bertan behera uztea ez da bidezkoa; partida horregaz, gauzak ez ohikoa den eratan eskaini beharko lituzkete. Gernikan, esaterako, 300 pertsona ezingo gara joan Lizeo antzokira, baina, agian, lotuta zeukaten talde hori ekarri ahal duzu, eta beste formatu batean zerbait egin ahal da. Behintzat, mahai batean jesarri gaitezen antolatzaileak, sortzaileak eta ikus-entzunezko enpresak eta zer egin ahal dugun aztertu dezagun. Ikusten bada ez dela bideragarria, behintzat egiten saiatu gara. Bertan behera uztea errazena da, baina azalpen bat eman behar da. Zerbait egiten saiatzea eskatzen diegu. Badakite erabaki horregaz zenbat jenderi min egiten ari diren?
Kanpoko zein aretoetako kultur jardueretan aforoa mugatzea aurreikusi dute. Esperantza apur bat ematen dizuete erabaki horrek?
Alde batetik esperantza apur bat ematen du, ikusten delako kontua apur bat berrartu nahi dela, zelan edo halan zerbait egin nahi dela. Baina, gero ez dago konpromiso zehatz bat. Gobernutik ez dago erabaki zehatzik, eta herri bakoitzaren esku dago dena, horien borondatearen arabera. Kulturarekiko nola jokatuko dugun zehazteko ildo berdina egon beharko litzateke, erabaki eta neurri zehatz eta berdinekin.
Ekitaldi batzuk erakunde publikoek antolatzen dituzte, baina beste batzuk promotore pribatuek.
Bai, bi errealitate desberdin dira. Uste dut instituzioek euren eskaintza kulturala zelan edo halan mantendu beharko luketela. Behintzat intentzioa ipini behar dute, eta ahalik eta ekitaldi gutxien bertan behera uzten ahalegindu. Urtero jaialdi bat antolatzen duen promotore batek ezin baditu hogei sarrera baino gehiago saldu, ez du antolatuko berarentzat ez delako errantagarria izango. Gauza asko ordaindu behar ditu: azpiegiturak, ekipoak, artista… ez du merezi. Aforo mugatuagaz egin ahal direla diote, baina batzuek ezingo dute egin. Jartzen dituzten baldintzekin ezin dute dena ordaindu. Beste gauza bat da diru instituzionaletik egitea herrietako antzokietan, adibidez. Hor 100 zein 20 pertsona egon berdin da. Uste dut herri bakoitzak kulturarekiko konpromiso bat eduki behar duela. Egiteko konpromisoa. 20 sartzen badira bi emanaldi egin edo, baina artistarekin daukaten konpromisoa mantenduta.
Kultura suspertzeko edo laguntzeko laguntzak ere iragarri dituzte. Horiek zuek jaso ahal ditzakezue?
Ez gara inon agertzen; ez gaude laguntzetan sartuta, COVID-19ak eragina eduki duen beste sektore asko moduan. Gu ere zuzenean kaltetuak gara, baina ez gaude. Ez dugu inongo laguntzarik hartzeko aukerarik.
Horrez gain, sortzaileei babesa adierazi diete askok. Zuekaz inor akordatu da?
Ez dut ikusi gugaz asko akordatzen direnik. Gure sektorean teknikoen edo argiztatzaileen artean, gure enpresen artean badaukagu erakunde bat, eta elkar elikatzen egiten gara, barne kontsumorako. Kanpotik ez dut ikusten inor akordatzen denik.