Elantxobeko portua ere "gune dinamikoa" izango da datozen hilabeteetan
Asteburuetan jende pilaketak saihesteko neurriak hartu ditu Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak.
Bizkaiko hondartzetan egin modura, Elantxoben ere portua “dinamikoa” izatearen erabakia hartu dute, jende pilaketak ekiditeko. “Jendea bainua hartzen egon ahal da, baina mugimendua egotea nahi dugu, jendea ez dadila egun guztia portuan etzanda egon”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Izan ere, batik bat asteburuetan eskualdeko herrietatik jende asko hurreratzen da bertara, portuan eta igerilekuan igeri egin zein eguzkia hartzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak hainbat neurri hartu ditu. Zirkuitu modukoak markatu dituzte, jendearen joan-etorria errazteko. Aurtengo egoera ikusita, udarako asteburu guztietarako neurri egokia dela deritzo udalak.
Neurriokin lehen asteburua pasatu dute, eta balorazio positiboa egin du alkateak. Jendeak orokorrean erabakia ulertu eta errespetatu duela dio: “Portu Zuzendaritzatik begirale bat eta arduradunak egon dira. Abisatzen aritu gara, eta jendeak oso ondo hartu du. %99ak neurriak egokiak direla ikusi du; jendeak ulertu du zein den egoera”. Orain arte moduan, herritarrek eta bertara doazenek erantzukizunez jokatzen segitzea espero dute. “Arduraz jokatzea eskatzen dugu, denok disfrutatu ahal dezagun. Jendeak ez dezala ahaztu ze egoeratan gauden”.
Gainera, informazioa ematen aritu dira: “Kontu handiz ibiltzeko eta erantzukizunez jokatzeko eskatu diogu jendeari. Inposatu baino ohartarazi egin dugu. Ze egoeratan gauden eta ze arazo daukagun gogorarazi diegu, kontzientziatzeko”. Hala, aurrerantzean informazio hori bozgorailuetatik ematea aztertzen ari dira: “Jendeari abisatzeko komeni dela uste dugu. Portu Zuzendaritzagaz lantzen ari gara”.
Portu Zuzendaritzak eta Ertzaintzak erakutsitako jarreragaz eta emandako laguntzagaz oso eskertuta daudela azpimarratu du Egurrolak: “Portu Zuzendaritzak egoera erregulatzeko eduki duen iniziatiba asko eskertzen dugu, eta ertzainek ere pila bat lagundu gaituzte. Bestela guk bakarrik ezingo genioke honi aurre egin”.