Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzeko eskatuko du Jaurlaritzak
Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea. Alarma egoera hamabost egunez luzatzeko proposamena eroango du eguaztenean Kongresura Sanchezek.
Martxoaren 14tik indarrean dagoen alarma egoera beste hamabost egunez luzatzeko asmoa iragarri du asteburuan Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Eguaztenean eroango du proposamena Kongresura, eta azken luzapena izango dela adierazi du, “osasun larrialdia amaitzear dagoelako”. Azken luzapen hori beharrezkoa dela nabarmendu eta desberdina izango dela zehaztu zuen, “askoz arinagoa”.
EAJgaz eta ERCgaz akordioa lortu duenez, alarma egoera luzatzeko eskaria onartzea bermatuta dauka Sanchezek.
Hain zuzen, deseskalatze prozesuaren hirugarren fasean “kogobernantzatik erkidegoen gobernantza osora” pasatuko dela esan du Sanchezek, horiek baitute osasun arloko eskumena. Gobernuak lankidetza eta informazio lanetan jarraituko du, eta Sanchezen gobernuaren esku segituko dute “mugimenduari lotutako erabakiek”. Eusko Jaurlaritzak gaur eskatuko du ekainaren 8an erkidego osoa hirugarren fasean sartzeko, “osasun egoeraren eta asistentzialaren bilakaera ona” izaten ari delako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bigarren fasea “positiboa” izaten ari delako. Barikuan jakinaraziko dute hurrengo fasera pasatzen den edo ez. Bilakaera on horren adierazle dira Osasun sailak gaur emandako datuak: azken 24 orduotan ez da egon hildakorik erkidegoan, eta PCR probetan ere ez da positiborik egon (977 PCR egin zituzten atzo). Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.541 pertsona hil dira orain arte. Gaur gaurkoz, 29 pertsona daude ZIUn, horietatik 21 Bizkaian (gehienak Gurutzetako ospitalean). Busturialdean maiatzaren 13tik ez dago kasu positiborik.
Alarma egoera honetan, erkidegoen presidenteekin 12. bilera egin zuen atzo Sanchezek, eta osteko prentsaurrekoan azaldu zuen, kongresuak alarma egoeraren luzapena onartuz gero, 3 fasean sartzen diren lehen erkidegoek ekainaren 8tik aurrera hartuko dutela deseskalatzearen agintea. Besteak beste, erkidegoek desekalatzearen erritmoa kontrolatu ahal izango dute eta Espainiako Gobernuari alarma egoera ekainaren 21a baino lehen altxatzea eskatu.
Beste behin zuhurtziaz jokatzen jarraitzearen beharra nabarmendu zuen; osasun neurriak errespetatzeko eskatu zuen, “birusak berriro gora egitea saihesteko, horretarako benetako arriskua dagoelako”.
Lehendakariak bat egin du osasun agintariek prebentzio eta autobabes neurriak zuhurtziaz eta zorroztasunez betetzeko egindako deiarekin, eta atzoko batzarrean egoera sozioekonomikoari lotutako bost proposamen helarazi zituen:
- Ezinbesteko enplegu-erregulazioko espedienteak luzatzea, Gizarte Segurantzaren kotizazioak ordaintzeko hobariekin irailera arte, kaltetuenak diren sektoreentzat.
- Biztanleria migratzailearen administrazio-erregularizazioko prozesuak bizkortzea, lan-baimenak izateko.
- Berreraikitze Sozial eta Ekonomikorako Funtsa erabiltzeko epeak eta prozedurak argitzea.
- Europako Korridore Atlantikoko mugako pasabidea erraztea.
- Koordainketa farmazeutikora jotzen duten pertsonentzako maskara higieniko eta kirurgikoen BEZaren salbuespena aztertzea, eta apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluaren data luzatzea (artikulu horretan jasotzen da 19-Komisarioaren ondorioei aurre egiteko beharrezkoak diren ondasun-entregei BEZaren% 0ko tasa aplikatzea 2020ko uztailaren 31ra arte).
Krisi ekonomikoa. 2020an, Espainiako ekonomiak “% 9ko erorketa” izango duela gogoratu zuen Sanchezek. Errekuperazioa urteko azken hiruhilekoan hastea espero dute, eta bi urteko iraupena izango duela aurreikusi dute.