Arraun denboraldia uztaileko lehen asteburuan hastea onartu du TKEk
Ezustekorik ezean, Urdaibaik IV Cidade da Coruña bandera lehiatzen hasiko du denboraldia, uztailaren 4an eta 5ean.
Traineruen Kluben Elkarteko bazkideek denboraldiko hirugarren batzarra egin dute zuten zapatu goizean. Udako arraun denboraldia hasi aurreko azken ohiko saioa izan zen eta denboraldiko zutabeak onartu zituzten; elkarteko bazkide diren klub gehienen oniritziarekin onartu zituzten aurrekontua eta egutegia:”Klubek indarrak batu dituzte egoera honen aurrean arraun denboraldi bat aurrera ateratzeko”.
Uretan taldeko entrenamenduekin hasteko beharrezko baimenaren zain, bazkideek 18 jardunaldiko egutegia adostu dute, eta VIII. CaixaBank Bandera uztailean zehar lehiatzera pasako da. Beraz, ezustekorik ezean, arraun denboraldia IV Cidade da Coruña banderagaz hasiko dute, uztailaren 4an eta 5ean.
Emakumezkoen lehiak, ostera, 12 jardunaldi edukiko dituela jakitera eman dute.
Apirileko batzarrean, arraun denboraldia ekainaren azken asteburuan hastea aurreikusi zuten. Hain zuzen, ekainaren 28an CaixaBank VIII. Banderaren lehiagaz hastea pentsatu zuten orduan (lekua ez zuten zehaztu). Zapatuko batzarrean erabaki zutenaren arabera, aipatu bandera uztailean lehaituko dute, baina TKEk momentuz ez du argitu ze egun eta lekutan.
COVID-19ren aurkako jarduera-protokoloa adostu eta onartu dute. “Protokolo horretan, ACTko zerbitzu medikoek lanean jarraitzen dute, klub bazkideetako medikuekin lankidetzan”, azaldu dute TKEren ordezkariek.
Bestalde, Zuzendaritza Batzordeak denboraldi honetarako aurkeztu duen aurrekontua batzarraren oniritziarekin onartu dute, “kanpainaren bideragarritasuna ahalbidetuz”. Horrez gain, klubek erabaki dute lehiaketa-araudia dagoen moduan mantentzea; “ez dute alderdi bakar bat aldatu, Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren izaera eta maila bermatzeko”.