Bigarrena noiz egingo zain
Ezinezkoa izango da aurten Busturialdean iaz lehenengoz egin zen Iromnan erdia lehiatzea. COVID-19 birusak bertan behera utzi du domekan jokatu behar zen proba.
Lehenengoagaz gustura geratu ziren bai antolatzaileak eta baita triatletak ere. Bizkaia Triathlon probak aurreikuspenak bete zituen iaz, eta asteburu honetan jokatu behar zen bigarrena, maiatzaren 31n. COVID-19 birusak, baina, kirol proba hori ere ‘debekatu’ du.
Berritasunekin zetorren bigarren ironman erdia, eta aurreko egunerako ere ezohiko proposamena prestatuta zuten antolatzaileek. Maiatzaren 30ean, goizez, itsas zeharkaldiak egitea zuten aurrekusita. Arratsaldean, ostera, zesta punta erakustaldiak Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Leku berean, zapatu iluntzean pasta party egin behar zuten, kirolariek karbohidratoen karga egiteko. Horretarako 60 kirolari zeuden izena emanda, larrialdi egoeran sartu aurretik.
Abenduan zabaldu zuten izen-ematea, eta Gabonetan 300 atleta zeuden Bizkaia Triathlon proba egiteko apuntatuta. Probaren antolatzaileetako bat da Abel Markos. Harek esan modura, triatloia, kirol modura, indarra hartzen ari da. «Antolatzen ditugun duatloietan asko jota 250 parte hartzaile izaten dira. Traitloian, eta Bizkaia Triathlonek dituen moduko distantzietan, 500-600 parte hartzaile izaten dira», esan du.
450 parte hartzaile inguru izan ziren iaz Busturiadean zehar egin zen proban. Instituzio publikoek zein enpresa pribatuek emandako laguntzari esker izan zen posible apustua egitea. «Kanpotik ere jende asko etorri zen. %30 estatu espainiarretik etorri ziren, eta %5 nazioartetik. Asteburu osoan kanpoko jendea berton egoteak turismoari ere mesede egiten dio».
Aurten, baina, laguntza ekonomikorik ez du Bizkaia Triathlon probak. Aldundiak kirol proba horretarako zuen dirua beste behar batzuetara bideratuko du, eta turismoa sustatzea helburu duen Urremendiren dirua ere falta izango zaie. «Orokorrean, kirol probentzat zuten finantziazioa beste lehentasun batzuk asetzeko bideratu dute, eta laguntzarik barik ez da posible holako proba bat egitea». argitu du Markosek. Izen-ematetatik bildutako dirua ere ez da nahikoa. «100 euro inguru ordaindu dute parte hartzaileek. Ez da merkea, baina mota honetako proba baterako garestia ere ez da. Ironman markak antolatzen dituenetan 300 euro inguru ordaindu behar izaten da». Izen-ematea prezio horretan izan balitz proba ekonomikoki bideragarria litzatekeela esan du. «Gure kasuan, baina, proba berria da. Hasten ari gara, eta zirkuituan ezaguna egin bitartean merkeago eskaini behar dugu».
Aurrekontu handia.
Izen-ematearen %75a bueltatu dute antolatzaileek, eta %25a gastuak ordaintzera bideratu dute: webgunearen diseinua eta mantenua, opari emateko eskatutako materiala, publizitatea… «12.000 euro gastatu ditugu, eta diru sarrerarik ez dugu izan», azaldu du Markosek. Izen-emateen %25arekin ere ezin dituzte zor denak kitatu, beraz gastuak beraien dirutik ordaindu behar izan dituztela azaldu du.
Horri guzti horri azpiegiturari dagokienak gehitu behar zaizkio. Bizkaia Triathlon proba egiteko iaz, Segurtasun sailak aginduta, errei bat moztu behar izan ziten bizikletarako sektorean. Horrek antolakuntza indartzea eskatzen du. «300 pertsona behar izan genituen trafikoa mozteko, helmugarako, boxetarako eta, azken batean, proba behar bezala bideratzeko. Eta horiek ere ordaindu egin behar dira. Gure inguruan lan hori debalde egingo dutenak badaude, baina 30 pertsona inguru dira borondatez lagunduko dutenak, ez gehiago».
Lau lagun dira proba antolatzen arduratzen direnak. «Kirol proba ona» egin nahi dute, «eta opari onak eman. Baina horretarako dirua behar da». Gogorik ez dute galdu, baina argi dute galdutako dirua ezingo dutela berreskuratu hurrengo proba antolatu arte. «Agian aldundiak bertan behera geratu diren ekitaldiak laguntzeko deialdia zabalduko du, eta modu horretara zerbait berreskuratuko genuke». Baina gaur gaurkoz hori ere ez dute, eta aurtengo ustekabegoagaz 2021ean II. Bizkaia Triathlon antolatzea ere zail ikusten dute. «Finantziazioari dagokionez, babesle pribatuek ere beraien enpresak edo langileak laguntzeko gordeko dute dirua, eta gainera uste dugu hori dela orain egin beharrekoa, familiak laguntzea. Diru publikoarekin ere berdin».
Beste alde batetik, antolatzaileak kontziente dira agian 2021ean ere ez dela posible izango jendea batzea eskatzen duen ezer antolatzea. Kirol modura ertagina ez da horrenbestekoa izango, diotenez. Profesionalei dagokienez, bai. Triatloiak egitetik bizi direnengan edo profesionalen mailara jauzi egiteko zeuden gazteengan eragina izango duela uste dute. Batetik, lehiatzeko aukerarik ez dutelako izango triatletek eta, bestetik, entrenamenduak egiteko ere oztopoak edo murrizketak izan ditzaketelako. «Guretzat, kirol hau afizio modura hartzen dugunontzat eragina txikia izango da. Osasuna eta familia daude ezeren gainetik», aipatu du Abel Markosek.
Lau urterako proiektua etenda gelditu da, baina bideari ekiteko gogoarekin geratu dira.