Pandemia, dentisten eta optikarien begiradetatik
Dentista kontsultetan eta optiketan larrialdiko zerbitzutik ohiko martxara bueltatu dira. Babes eta higiene neurriak hartzen ohituta daude, eta "normaltasun berrira" moldatzen ari dira orain.
Osasuna da azken hilabeteetan gehien errepikatzen den berbetako bat. Gaixotasun eta infekzioen kontrako lanean ohituta daude dentistak, eta baita babes neurriak erabiltzera ere: “Gure medikuntza espezialitate honetan, aspalditik neurri asko hartzen ditugu. Tresneria guztiak esterilizatzera, maskarillak erabiltzera… ohituta gaude”, azaldu du Markina-Xemeinen kontsulta duen Ander Fultainek.
Beraz, eurentzat ez da izan aldaketa handia. Erraz egokitu dira egoera berrira. Desinfekzio lanetan beste pauso bat eman dute: “Egin duguna da pixka bat areagotu; neurri gehiago hartu. Adibidez, pazienteen artean desinfekzio lanak kontu gehiagogaz egiten ditugu. Pauso bat aurrera egin dugu”.
Konfinamenduaren hasieran, larrialdiak bakarrik artatu zituzten dentistek. “Larrialdiak eduki ditugu, baina ez dira horrenbestekoak izan. Uste dut jendea kontziente zela benetan premiako gauzetarako geundela, eta pixka bat beldurra ere eduki du. Etxean egon nahiago izan du, kontaktua eduki eta arriskurik ez izateko”, azaldu du Fultainek.
Orain, kontsulta zabalduta, hitzorduen artean denbora gehiago uzten dabiltza: “Pazienteen artean denbora gehiago hartzen dugu dena desinfektatzeko. Ez dugu itxarongelan jendea egotea nahi, arriskutsua izan daitekeelako”.
Berrogeialdiaren lehen asteetan urgentziazko kasuak artatu zituzten
Pazienteak kontsultara joan aurretik, sintomarik eduki duten edo ez galdetzen diete: “Lehen ez genuen egiten, baina orain normala den moduan, beharrezkoa da. Sartzerakoan ere tenperatura hartzen diegu. Sintomak eduki badituzte edo sintomak eduki dituen norbaitekin egon badira, ezin ditugu artatu”.
Lanean «erdi erregular» hasi direla dio. Bi hilabetetan eguneroko lana egin barik egon direnez, lan apur bat pilatu zaie, baina “nahiko ondo” daramate. “Uste nuena baino normaltasun gehiagorekin ari gara lanean; pentsatzen nuen arazo gehiago egongo zirela. Ez dute horrenbestek deitzen hitzordua hartzeko, ez dugu agendan pilaketarik, jende larregirik. Momentuz ondo ari gara. Inpas batean gaude. Jendeak pixka bat beldurra dauka. Inork ez daki ze eboluzio eduki lezakeen honek. Ez dakigu normaltasuna noiz berreskuratuko dugun. Momentuz jende gehiena etxean geratzen ari da; premiazko gauza bat ez badauka, ez du deitzen”.
Argazkiekin ikusten
Ikusmena zein entzumena aztertzen eta zaintzen dituzte Gernika-Lumoko optika batean, eta eurek ez dute “momentu batean ere zerbitzua emateari utzi”. Nerea Egurenen berbetan, fase desberdinetatik pasatu dira eurak ere. Urgentziazko kasuak zelan artatu zituzten kontatu du: “Sintomatologiengatik galdetu eta argazkia bidaltzeko eskatzen genien diagnostiko bat eman ahal izateko. Batzuk argi ikusten ziren zer ziren, eta pautak ematen genizkien. Beste batzuetan aurrez aurre geratzen ginen, ikusi barik ezinezkoa zelako seguru zer zen jakitea”.
Segurtasun zein higiene neurriak betetzen zorrotz dihardute: “Distantziak mantentzen ditugu, baina neurri batera arte. Gure lanean ezinezkoa da gauza guztietarako distantzia mantentzea, hurbil ez bazaude ezin duzulako azterketa ondo egin. Adibidez, test jakin batean 5zm-ra jartzen ez banaiz, ez dut ezer ikusten”.
Maiatzaren 11tik goiz eta arratsaldez dago zabalik optika. Faseen bilakaera igarri dute bezeroetan zein kaleetan. Orain “beste poztasun bat” ikusten du kalean. Berrogeialdi hasierako kale hutsak betetzen ari dira: “Lehen hamabostaldian kaletik joateak ere beldurra edota errespetua ematen zuen. Etxetik hona espaloi osoa libre eduki arren, izkinatik joaten nintzen, arrapaladan, pekatua edo zerbait txarto egiten egongo banintz moduan. Gainean presio eta sentsazio arraro bat sentitzen nuen”.
Garbiketa zein higiene neurriak zaintzera ohituta daude optiketan ere. Euren neurriak eta protokoloak dituzte: “Apur bat moldatu egin behar izan ditugu. Ez gara eskularruetara ohituta egon, eta gauza batzuk kostatu egiten dira, eskularruekin sentsibilitatea galtzen duzulako. Adibidez, lentillak ipini eta kentzeko zaila egiten zaigu. Egoera batzuetan erabiltzea zaila da, baina moldatu gara. Apurka-apurka ikasten goaz denok”.
Momentu batzuetan “arriskatzearen eta ez arriskatzearen artean” egon direla zehaztu du, “barruak esaten” ziena egiten. Lehen hamabostaldia oso gogorra izan zela nabarmendu du. Handik aurrera, goizez hiru orduz zabaltzen hasi ziren, batik bat ikusmen zein entzumeneko materialei dagozkien urgentziak konpontzeko zerbitzua emanez. “Nahiko luzaro egon gara goizez zabalik eta gainontzeko orduetan telefono bidezko zerbitzua eskaintzen”.
Gernika-Lumoko Zaintza Saretik lortu zituzten babes pantailak eta sarekoen lana goratu: “Euren beharra sanitarioen modukoa izan da. Behar oso ona egin dute, eta denbora guztian informatuta eduki gaituzte. Orain, babeserako daukagun materiala ikusita, konturatu naiz hasierako neurriak oso urriak zirela. Orain, buruan daramadan babes pantailagaz ia test guztiak egin ditzaket”. Aparatu batzuei ere babes pantailak jarri dizkiete: “Denean moduan, egunean eta unean-uneko baliabideen arabera jardun gara; gauzak jakin eta irten ahala hobetzen. Adibidez, lehenengotan ez zegoen argi gure aparailuak zegaz desinfektatu behar genituen, ur oxigenatuagaz edo alkoholagaz. Alkoholak eta lixibak material batzuk desegiten ditu eta. Gero kolegioak pautak eman zizkigun eta gauzak argi ditugu”.
Babes eta higiene neurriak hartzera ohituta daude; euren protokoloak egokitu dituzte egoera berrira
Denontzat izan da gauza berria eta ahal den neurrian, ahal izan dena egin dutela uste du. Eduki dutenagaz aurrera egin dute: “Hasieran, babes guztiak ez geneuzkan; ahal genuen moduan moldatu ginen. Maskarilla kirurgikoak lortzea ere hiru egun kostatu zitzaigun”.
Optikarien elkargoak protokolo bat egin die, eta besteak beste, test batzuk egiteko era aldatu diete: “Hurbiltasun eta egoera normalean egiten ziren batzuk apur bat moldatu ditugu. Informazio berdina edukitzea ahalbidetzen digute, baina beste era batera eginda”. Protokoloaren jarraibideekin askoz lasaiago ari dira, eta seguruago sentitzen dira. Hasierako momentu batzuetan beldurra eduki zuela aitortu du. Esaterako, lehen hamabostaldian aurrez aurre artatu zuen urgentzietako bat erizain batena izan zen. “Eurak lanean etenik barik aritu dira, ordu asko eta oso nekatuta. Eurak jagon egin behar izan ditugu”.
Herritarren jarrera
Arduraz eta erantzukizunez ikusi ditu pazienteak Egurenek, egoerari errespetuagaz eta laguntzeko prest: “Oso ondo portatu dira. Sartu eta zer egin behar duten galdetzen dute. Normala den moduan, ez jakiteak ematen dituen zalantzak ditu jendeak, baita gauzak ondo egiteko borondatea eta konpromioa ere”. Batez ere adineko pazienteetan igarri du ardura Fuldainek. Gehien kezkatzen direnak direla aitatu du: “Normala da, eurak arrisku gehiago daukatela ikusten dutelako”. Gazteak, berriz, lasaiago ikusten ditu: “Askotan, agian, lasaiegi, edo horrenbeste arduratzen ez diren moduan. Agian ez dute ikusten eurentzat arriskurik. Ez dira konturatzen eurak izan ahal direla gaixotasuna transmititu ahal dutenak. Eurak kutsatzen badira etxera eroan ahal dute gaixotasuna. Adineko jendean beste kontzientzia eta ardura bat ikusten da”.
Eurek beldurra baino gehiago ardura daukate, pazienteengandik “30-40 zm-ra” lan egiten dutelako, eta neurri egokiak hartu ezean, oso arriskutsua izan daitekeelako: “Gu kutsatu gaitezke eta guk kutsatu ditzakegu. Hori da gure ardura nagusia. Horregatik, betiko babes neurriak pixka bat gehiago indartu ditugu, eta kontu gehiagogaz ari gara. Beldurra ez dut sentitu, gehienbat uste dudalako erabiltzen ditugun babes neurriak nahiko onak eta eraginkorrak direla”.
Kalera irtetzen hasi garen honetan, jendea oso lasai ikusten duela dio Fuldainek: “Bi hiletan etxean egon gara, eta orain ikusten da buruan zelan ahaztu dugun edo ahaztu nahi dugun. Jarrera batzuetan ikusten da jendea ez dela konturatzen oraindik ere neurriak hartu behar direla. Adibidez, pazienteei eskatzen diegu maskarillekin etortzeko, eta batzuek ez dute ekartzen eta guk ematen dizkiegu”. Eskularruen erabilerari buruz ere nahasmena nabaritu du: “Batik bat hasieran jendeak pentsatzen zuen eskularruak erabiliz gero, babestuta zegoela. Ez dira konturatzen horrek ez duela ezer babesten, eskularruekin zerbait ikutu eta gero beste zerbait ikututa, kutsatu egiten zara. Gaixotasun hau zer den eta ze kontu eduki behar dugun jakitea askori kostatu egin zaio. Informazioa jendeari ez zaio ondo transmititu; hasieran informazioa ez zen oso garbia. Jendeari ez zaio informazio garbia eman jakin dezan zelan jokatu behar duen”.
Gauza hauetatik ere gauza onak irtetzen direla deritzo Egurenek, eta jendeak erantzukizunez segitzea espero du: “Pasatu duguna bizi izanda, ikasi dezagun zerbait denon artean. Errespetuz jokatu, eta ez dezagun ahaztu zelan egon garen. Hau ez da pasatu, eta bizitakoa orain dela bi hilabete gertatu da. Kontu handiz jarraitu behar dugu; pasatu duguna oso gogorra izan da. Ikusi beharko da aurrera zelan goazen”.