Antzerkia, maila profesionalera
Bermeon antzerki talde ofiziala sortzeko beharra zegoela ikusita, Buselektrikue Antzerki Taldea Elkartea eratu dute. Euskal antzerkia bultzatzea dute helburu, euskaraz edukiak sortuta.
Antzerki tailerrak ematen 10 urte egingo ditu datorren ikasturtean Buselektrikue Antzerki Taldeak. Herrian antzerki talde ofiziala sortzeko «nahia eta beharra» ikusi dute taldeko zenbait kidek, eta elkartea sortu dute. Partaide bakoitzak bere desioak eta ametsak ditu, eta elkartean bat egiten dute.
Buselektrikue Antzerki Taldea Elkartearen helburu nagusia euskal antzerkia bultzatzea dela diote, euskaraz eduki berriak sortuta.
Taldea eta tailerra desberdintzea «garrantzitsua» dela uste dute. Elkarteko presidente Iker Gonzalez Libanok azaldu modura, oinarri edo sustrai bera daukaten bi proiektu desberdin dira, elkarrekin harreman estua badaukate ere, helburu desberdinak dituztenak. «Tailerrean parte hartzen dutenak ez daukate zertan elkarteko kide izan, edo alderantziz».
Buselektrikue Antzerki Taldea Elkartean zazpi kide daude, bermeotarrak denak, eta momentuz, denak ari dira tailerrean parte hartzen. Hala ere, ateak zabalik dauzkate parte hartu gura duten guztientzako.
«Profesionaltasunera» begira jarrita, elkartea sortzea beharrezkoa ikusten zuten. Kalean egiteko edozein proiektu izatekotan ere, lege kontuengatik, elkartea eratuta egotea beharrezkoa ere badela dio Gonzalezek.
Antzerki tailerrean lantzen dituzten ariketetatik sortzen diren inprobisazioak, esaterako, elkartera eroateko asmoa daukate, eta horregaz lan serioago bat egiteko asmoa iragarri dute, ondoren, plazaratzeko asmoz. «Tailerrak, azken finean, bere helburua dauka, eta ordu horiek ezin dira beste horretara bideratu». Tailerraren bitartez, herritarrak antzerkira hurbildu gura dituzte, eta mundu horretan lehen pausoak ematen laguntzen dute.
Elkarteko presidentearen ustez, bermeotarren %85ak ez du Buselektrikue Antzerki Taldea ezagutzen, ez dakite herrian antzerki tailerrik eskaintzen denik. «Aurten jende berria eduki dugu tailerrean, ordura arte tailerra zegoenik ez zekitenak». Elkartearen bidez, tailerra bera ere zabaltzeko asmoa daukate, eta herritar gehiagorengana iristeko gogoa daukate.
Ikasturte honetan 11 lagun daude tailerrean, orain arte, bost edo sei egoten ziren bitartean. Aurpegi berriak daude taldean, eta adin desberdinetakoak, gainera. Horregatik, «pozik» daude: «Gizarte eta Kultura Etxean gela handiagoa eman digute, ispiluagaz eta ekipo hobeagaz». Hala ere, taldea handitzea gustatuko litzaieke.
Datorren ikasturtean, 10 urte beteko ditu Gizarte eta Kultura Etxean eskaintzen den antzerki tailerrak. Joan-etorriak egon dira, baina urte hauetan guztietan 20 lagun inguru egon dira taldean. Horietako batzuek antzerki munduko formakuntza zeukaten edo daukate, eta beste batzuek zaletasunagatik egiten dute. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartzeko aukera daukate. «Edozein herritar hurbildu daiteke guregana, eta konpromisorik barik probatu dezake antzerki tailerra. Etorri, ikusi eta parte hartu daiteke, eta ondoren erabaki jarraituko duen ala ez».
Zaletasuna goraka. Azken urteetan Bermeon antzerkiarekiko zaletasuna handitu dela uste du Gonzalezek: «Nestor Basterretxea aretora antzerkiak ikustera joan naizen azken aldietan, aretoa beteta zegoen. Orduan, zaletasuna badagoela esango nuke. Kultura Sailekoei esker, gainera, urtean mota guztietako antzezlanak ikusteko aukera edukitzen dugu. Guk asko eskertzen dugu, guretzako erreferenteak direlako etortzen diren taldeak. Horien bidez ideiak hartzeko aukerak izaten ditugu. Hala ere, Bermeon zaletasuna goraka badoa ere, beste herri batzuetan gehiago dagoela esango nuke. Izan liteke bai eta ere, herritarrek ez dakitela antzerki taldea daukagula herrian. Agian, bermeotarrok sortutako antzezlan bat eskaintzen baldin badugu, jendea gehiago animatuko da».
Buselektrikuek eskaintzen duen tailerrean mota guztietako antzezlanak lantzen dituzte, teknika desberdinen bidez: maskara, mimika, komedia… Komedia dute gustukoena, eta hori da errazago ere lantzen dutena. «Aurrera begira gustatuko litzaiguke euskarazko komedia martxoso bat egitea».
Tailerraren 10. urteurrenari begira, antzezlan bat sortzeko asmoa daukate; «orain arteko egoerak, hala ere, ez du asko lagundu». Erabakia konfinamendu aurretik hartu zuten, baina, momentuz, ezin izan dute askorik aurreratu.
Elkartea prest dago, gainera, herriko beste kultur taldeekin elkarlanean aritzeko; proposamen guztietara zabalik daude. Izan ere, elkartearen nahia herrian eta inguruetan kultur ekintzak bultzatzea da.
Buselektrikue Antzerki Taldea Elkartearekin harremanetan jarri gura duten horiek sare sozialen bidez egin ahalko dute (Facebook eta Instagram) edo buselektrikuetaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Gizarte eta Kultura Etxera ere jo daiteke.
Asko dago egiteke. Euren buruak «oso profesionaltzat» jo barik, uste dute oraindik antzerkigintzan eta kulturgintzan lan ugari dagoela egiteke; –«batzuetan ardi beltzak moduan sentitzen gara»– diote. Gertatu denaren ostean, denak mahai baten inguruan jesarri eta hausnartzeko garaia dela uste dute, gainera.
Konfinamendu sasoian euskal kulturgintzak protesta egin zuen, greba digitala deitu zuten bi egunetan, eta Buselektrikuek ere bat egin zuen deialdiagaz. «Gure txikitasunetik, harri koskorra jartzen ahalegindu gara, deitutako grebagaz ados geundelako. Aldaketa bat behar dela uste dugu».