Hondartza denboraldirako neurri orokorrak adostu dituzte aldundiak eta udalek
11:00etatik 20:00etara ezingo da kirolik egin, eta hondartzetan gehienez hiru ordu egotea gomendatu dute.
Hondartza denboraldian, hondartzetan gehienez hiru orduz egoteko gomendioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta hondartzetan sar daitezkeen pertsonen kopurua osasun agintariek zehaztuko dutela jakinarazi dute.
Barikuan iragarri zuten Bizkaian hondartza denboraldia ekainaren 15ean hasiko zela, eta gaur hainbat neurriren berri eman dute. Izan ere, aldundiaren eta hondartzak dituzten Bizkaiko kostaldeko 20 udalerrietako ordezkariak gaur batzartu ziren berriro. Aurreko astean hainbat erabaki hartu ostean, gaur udalen proposamenak aztertzeko bildu dira.
Hondartza denboraldiak irauten duen bitartean, 11:00etatik 20:00etara, hondartzetan kirolak praktikatzea debekatuta egongo dela jakinarazi dute. Hortaz, ezingo da baloi, pala edo antzekorik erabili.
Iturriak, dutxak eta ikuztegiak zigilatuta egongo dira denboraldiko lehenengo bi asteetan. Data hori igaro ostean, erabilera onartzen den edo ez erabakiko dute, betiere osasun-agintariek emandako gomendioak kontuan hartuta, adibidez, erabiltzen dituzten pertsonen artean mantendu beharreko distantziari dagokionez. Eguzkitakoak eta hamakak ez eroateko gomendioa ere egin dute, “ume, adineko edota bestelako kasuetan, beharrezkoa ez bada behintzat”.
Hondarretan zein uretan 1,5 m-ko tartea gorde beharko dute erabiltzaileek. Hori eta jendearen joan-etorria kontrolatzeko ardura sorosleek eta hondartzainek edukiko dutela zehaztu zuten aurreko astean, eta gaur esan dutenez, koloretako banderekin adieraziko dute hondartzan zenbat jende dagoen. “Hondartza beteta edo ia beteta badago anbar koloreko bandera altxatuko dute, jendeari ohartarazteko ia lekurik ez dagoela. Sorosleak eta hondartzainak udaltzainekin eta ertzainekin koordinatuko dira aforoak kontrolatzeko”, azaldu dute.
Edukiera arautzeko, semaforoen koloreekin bat datozen hiru okupazio-maila zehaztu dituzte: berdea, anbarra eta gorria. Berdeak jendetza arazorik ez dagoela adieraziko du, anbarrak hondartza nahiko beteta dagoela iragarriko du eta gorriak, berriz, maila gorenean dagoela.
Hondartza bakoitzaren ezaugarri bereziei erantzuteko beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dituztela iragarri dute. Lan hori udal-teknikariek egingo dute, foru-erakundean hondartzen programaren ardura duten pertsonen laguntzagaz.
Aldundiaren webgunean, BizkaiUp aplikazioan eta hondartzetako bozgorailuetan zabalduko dute unean uneko egoerari buruzko informazioa. Aldundiak eta udalek herritarrei dei egin diete hondartzara joan aurretik tresna digital horiek kontsulta ditzaten, okupazio-maila egokia dutela egiaztatzeko.
Halaber,bete beharreko neurriak eta emandako gomendioak bozgorailuetatik gogoraraziko dituzte, eta sarbideetan informazio-oholak jarriko dituzte.
Herritarrei erantzukizunez jokatzeko dei egin diete instituzioek; arduraz jokatu eta emandako neurriak eta gomendioak betetzeko eskatu dute.