Astebete positibo barik
Maiatzaren 13an Gernika-Lumon baieztatu zuten PCR bidezko positibo bat, eta ordutik Busturialdean ez da egon positiborik.
COVID 19-aren datuen bilakaera positiboa dela, eta erkidegoa 2 fasera pasatzeko prest dagoela azpimarratu du gaur ere Nekane Murga Osasun sailburuak. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak fasez pasatzeko “baldintza guztiak” betetzen dituztela zehaztu du. Esan duenez, gaur iluntze-gau partean bilduko dira Espainiako Osasun Ministeritzaren ordezkariekin, Jaurlaritzak asteon bidalitako txostena eta oro har egungo egoera aztertzeko.
Datu ofizialen arabera, Busturialdeak ere bilakaera positiboari eusten dio. Astebetez PCR probetan ez da positiborik egon eskualdean. Azkena maiatzaren 13an baieztatu zuten, Gernika-Lumon. Gaur gaurkoz, 356 herritarrek eman dute positibo Busturialdean: Bermeon 138, Gernika-Lumon 87, Mundakan 49, Busturian 43, Elantxoben eta Foruan bosna, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon eta Errigoitin bana.
Osasun sailaren datuen arabera, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 19.146 positibo daude, eta 16.965 pertsona dira alta jaso edo gaixotasuna gainditu dutenak, positiboo emandakoen %88,6, hain zuzen. 1.486 pertsona hil dira, horietatik 3 atzo. Gaur gaurkoz, 38 pertsona daude ZIUetan.
PCR bidez 9 positibo baieztatu zituzten atzo, 7 Bizkaian eta 2 Araban. 6.862 proba egin zituzten atzo (4.418 PCR proba eta 2.444 test azkar).
Aurreko astean Epidemiarako Zaintza eta Kontrol Plana martxan jarri zuten, eta haren helburua kasu berriak garaiz identifikatzea, hauen eta kontaktu estuen jarraipena egitea, eta pandemiaren ibilbidea monitorizatzea dela gogora ekarri du Osasun sailburuak. Etapa berri honetan plan hau sailaren lehentasunetako bat dela gaineratu du.
Osasun Sailak eta Osakidetzak kolektibo espezifikoetan 136.000 probatik gora egin dituzte. Probarik gehienak esparru sanitarioan eta soziosanitarioan egin dituzte. Horrez gain, ertzainei, suhiltzaileei, udaltzainei, arrantzaleei eta espetxeetako preso eta funtzionarioei egin dizkiete.
Horiei buruzko azalpenak eman ditu Murgak gaurko agerraldian, eta esan du, datozen asteotan, apurka-apurka “kolektibo gehiagorengana” heltzea dutela helburu: “Etxez etxeko laguntza ematen dutenei, osasun arloko beste lanbide batzuetan aritzen direnei, egoera zaurgarrian edo kalteberan dauden kolektiboei giza laguntza ematen dietenei, DYAkoei, farmazietako langileei etab. egingo zaizkie”, zehaztu du. Halaber, ebakuntzaren bat edo proba bereziren bat egin behar duten pazienteei PCR probak egiten ari dira; 1.000 bat egin dituzte pandemiaren hasi zenetik.
Esparru soziosanitarioan 22.024 proba egin dizkiete profesionalei, eta 20.000 bat egoitzetan bizi direnei. Aste honetan COVID kasuak egon diren egoitzetan langile eta egoilar guztien probak amaitzea aurreikusi dutela esan du sailburuak. Osasun arloan, egun, Osakidetzan 35.000 profesionaletik gora daudela zehaztu du, eta pandemia hasi zenetik 85.000 probatik gora egin dizkiete Osakidetzako profesionalei: “46.407 PCR eta 39.803 test azkar egin dira, eta PCR bidez baieztatutako positiboen ehunekoa, profesional guztiekiko, % 5,45ekoa da”.
Gainontzeko sektoreetan PCR bidez ez dela positiborik egon nabarmendu du Osasun sailburuak.
Ertzaintzan 4.788 proba egin dituzte (testa egitea borondatez onartu dutenen % 60). “100etik 5ek baino gutxiagok eman dute positibo test serologikoan, eta probak egiteko prozesuari maiatzean ekin zitzaionetik ez da positiborik izan PCRtan”, azpimarratu du Murgak. Erkidegoan 1.500 bat suhiltzaile daude eta herenari egin diote proba; test serologikoetan % 5ek baino gutxiagok eman dute positibo eta ez da positiborik izan PCRtan maiatzean. Udaltzainetan ere heren bat dira proba egindakoak (3.000 daude erkidegoan), eta test serologikoen bidez baieztatutako kasuak % 4 baino gutxiago izan dira eta PCRtan ez da positiborik izan.
“Arrantzaleei dagokionez, datozen egunotan ontziratzea aurreikusten duten guztiei egin zaizkie probak. Orain arte 750 bat arrantzaleri egin zaizkie test azkarrak eta PCRak, eta ez da positibo bakar bat ere izan. Aste honetan eta hurrengoan gehiago egingo ditugu, eta 1.000ra heldu nahi dugu”, esan du sailburuak.
Espetxeetan 1.630 pertsonari (espetxeratuei, funtzionarioei eta sanitarioei) egin dizkiete testak, eta “intzidentzia gainerako kolektiboetan baino txikiagoa” dela azaldu du Murgak: “Zehazki, % 1ekoa proba serologikoetan eta positibo bakar bat ere ez PCRtan”.