Maskara erabiltzea derrigorra izango da 6 urtetik gorakoenzat
Espainiako gobernuak gaur argitaratu du agindua, eta bihar sartuko da indarrean
Espainiako Gobernuak gaur argitaratu ditu maskaren erabilerari buruzko arauak. Horren arabera, Hego Euskal Herrian 6 urtetik gorako pertsonek masakarak erabili beharko dituzte leku publikoetan, distantzia mantendu ezin denean.
Bihar sartuko da indarrean neurri hori, eta jakinarazi dutenez, ahoa eta sudurra estaltzen duen edozein maskara baimenduko dute –aukeran higienikoak eta kirurjikoak erabiltzeko gomendatu dute–. Hori bai, Espainiako Osasun ministerioak argi utzi du ez duela onartuko maskaren ordez bufandak eta zapiak erabiltzea.
Maskarak erabiltzearen derrigortasunetik kanpo geratzen dira, beraz, 0-5 urte arteko umeak. Salbuespeneko kasuak ere aurreikusi ditu gaur publikatu duen araudian. Hala, bihar indarrean sartuko den SND/422/2020 araudiaren arabera, maskararik barik ibili ahal izango dira arnasteko arazoak dituztenek, maskarak arnasa egoki hartzea eragozten badie; osasun arazoengatik maskararen erabilera ez erabiltzea justifikatuta dutenek edota ezintasun edo menpekotasunen bat dutenen kasuan, maskara jartzea arazoa sortzen duenean.
Era berean, maskararen erabilera bateraezina den jardueretan ere maskararik barik ibiltzea onartzen du arau berriak.