Herritarrentzako gune berri bat egokitu dute Eako Nagusia Kalean
Erreka bazterrean egin dute atseden gunea, egurrezko eserlekuekin eta hainbat landare eta zuhaitzekin.
Erreka bazterrean espazio publiko bat sortzeko lanak bukatu ditu Eako Udalak. Kale Nagusian orubea erosi zuen, Eako hirigune historikora batzeko gune bat sortzeko asmoz. Izan ere, bertan, hondartza izan ezik, aurretik ez zegoen halakorik, eta beraz, “urritasun hori zuzendu” nahi izan dute.
Iratxe Arriola Eako alkateak azaldu duenez, aspaldi udalak bi orube pribatu erosi zituen arnasgune txiki bat egiteko. “Eako kale denak estuak dira, eta etxeak ilaran daudenez, nolabait errekari bizkarra ematen daude. 2016tik Plan orokorrean horrela jasota dago, zabalgune txiki bat sortzea garrantzitsua izango litzatekeela”. Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ere egoki ikusi zuen. Udalak bere kargu hartu zuen obraren exekuzioa, eta 25.000 euroko aurrekontuagaz egin dute obra.
Kalearen parte da gune berria, eta lehendik zeuden zuhaitzak mantendu eta egurrezko eserlekuak eta landare batzuk jarri dituzte. Harrizko hormaren zati bat mantendu dute, “gunea ez dadin izan elementu harrotz eta berria, baizik eta alde zaharreko biztanleen oroitzapenekin bat egiten duena”. Hormaren beste zatia bota egin dute, kalearen eta sortutako espazioaren artean “iragazkortasun handiagoa bermatu asmoz”.
Atsedengunea herritarrek erabiltzeko moduan dago; ez dago zarratuta. Pandemiaren hasieran umeen jolasguneak eta eraikin publikoak zigilatu zituen udalak, baina hondartza eta kaleko gune publikoak ez, eta kaleak eta beste zenbait gune modura, gune publiko horiek ere egunero desinfektatzen dituzte.