Faseetara egokitzeko lanean
Ostalariek joan den astetik ireki ahal dituzte terrazak, baina errealitatea ez da denentzat berdina, eta bakoitzak erabaki propioak hartu behar izan ditu; batzuek ireki egin dute, eta beste batzuek ez. Terraza jartzeko aukera eduki eta terrazarik ez jartzea erabaki duten ostalariak ere badaude. Errealitate asko daude egoera edota agindu bakar baterako.
Errealitate asko daude egoera edota agindu bakar baterako. Koronabirusak ezohiko errealitateak utzi ditu gizartean. Martxoaren erdialdean dena itxi behar izan zen, eta etxean sartu, konfinamenduan. Maiatzaren 4an neurriak arintzen hasi ziren, eta asko izan dira joan den astelehenean lanera itzuli diren ostalariak.
Batzuek negozioak zabaltzearen aldeko hautua egin dute, eta beste batzuk, ordea, itxarotea erabaki. Zabaltzea, baina, oso mugatuta dago, terrazak bakarrik erabili daitezkeelako.
Terraza zabaltzearen alde eta negozioa martxan jartzearen alde egin dute han eta hemen. Hori da Ondarroako ostalari baten kasua: euren terraza “nahikoa” aprobetxatu daitekeela ikusita, irekitzea erabaki du: “Terraza zabaltzeko aukera izanez gero, hasieratik genekien irekiko genuela. Lan egin behar dugu”. Orain, gainera, denboraldi altua hasten dela dio, nahiz eta etorkizuna zelakoa izango den ez jakin. “Badakigu turismoa ez dela egongo, ez eta herriko jaiak ere. Ez dakigu zer etorriko den, ez eta zer den normalitatea eta noiz iritsiko den”.
Terraza ireki duten lehenengo astea, baina, “ondo” joan dela diote. Ezjakintasuna nagusitu zen hasieran euren artean, ez zekitelako jendearen erantzuna zelakoa izango zen, baina pozik daude: “Espero baino erantzun hobea eduki dugu”.
Herritar nahikoa gerturatu direla dio Ondarroako ostalariak, eta hori eguraldiari esker izan dela uste du: “Aterri egon den bitartean jendeak terraza baten egoteko gogoa eduki du. Egunetik egunera jende berria etorri da. Lehenengo egunetan egun eskasak egin zituen eguenera bitartean, eta jendea etorri zen arren, eguraldi onagaz gehiago gerturatu ziren”. Asteburuan ere, bezero gehiago eduki dituzte: “Argi dago eguraldiak asko eragiten duela. Egun ilunak egin izan balitu, jende gutxiago gerturatuko zen”. Bertaratu direnen artean, denetarik egon dela dio, “neurriak zorrotz errespetatu dituzten herritarrak, zein arau bakoitza bere neurrira egokitzen dituztenak”.
Terraza ez diote murriztu ostalari honi, baina sei mahai jarri ditzake, normalean horren bikoitza jartzen dituenean: “Bi aldiz mahai gehiago sartu ditzaket, baina neurriak errespetatu behar dira. Oso toki handia behar da hamabi mahai sartzeko eta bi metroko lekua errespetatzeko”.
Gainera, lan karga gehitu zaie, terrazan lan egiteaz gain, desinfekzio lanak burutu behar dituzte eta. “Lan horiek gehitzea gogorra da. Garagardo bat eta bi kafe ateratzea oso erraza izan da orain arte, eta segurtasun neurriak gehitzeagaz asko zaildu da”, azaldu du. Gainera, lehen baino langile gutxiago daude, ERTEan daudelako horietako batzuk: “Momentuz, behargin murrizketagaz gabiltza. Espero dugu ahalik-eta arinen ohikotasunera bueltatzea”.
Hala ere zorte handia izan duela dio, alkilerrean egonda, lokalaren jabeagaz adostasunetara iritsi zelako konfinamendu hasieran: “Nire kasuan ona izan da. Jabeagaz harreman ona daukat, eta egoera ulertu genuen”.
Terrazarik ez
Plaza batean kokatuta egonik, terraza “nahikoa handia” jartzeko aukera eduki eta terrazarik ez jartzea erabaki duten ostalariak ere badaude. Gauzak hasieran ez zeuden oso argi, eta herritarrek terrazetan egoteko daukaten gogoa ikusita, “polizia baten moduan ibiltzeko gogorik” ez zeukala adierazi du Bermeoko ostalari batek: “Isuna nire gain joango litzateke, eta ezer gertatzen bada ere nire ardura litzateke, eta nire lana ez da polizia bat izatea”. Gauzak “apur bat” argitu arte, eta jendea “lasaitu arte” pausoz pauso doala dio.
Ulertzen du, hala ere, beste taberna batzuek zabaltzea, batez ere, denbora guzti honetan guztiz geldik egon direnek. “Guk badaramatzagu zenbait aste jatekoak etxeetara eroaten, eta alde horretatik apur bat lasaiago nago. Hasieran, guztiz zarratzea erabaki banuen ere, Aste Santu bueltan martxan jarri genuen sukaldea. Horregaz, momentuz, aurrera egiten dut”.
Terrazetako neurriak errespetatzea norberaren ardura dela diote
Astea zelan doan ikusiko du, eta dioenez, agian, asteburuan animatuko da terraza jartzera: “Ikusi dut zenbait lekutan terrazetan jendea jaten ari dela, kontsultatu egin dut, eta ezin daitekeela hori egin esan didate udaltzainek. Posible izango balitz animatuko nintzateke”.
Bermeotarrak, egungo egoeran, 20 mahai inguru jartzeko aukera izango luke; “udala, gainera, handitzeko aukera ematen ari da, eta terraza zabaltzeko lekua badauka”. Asteburuan terraza ez jartzea erabakiko balu, bigarren faseagaz batera zabalduko lituzke tabernako ateak. Orduan bai, herritarrek taberna barrura sartzeko aukera ere izango dutelako; edukiera %40koa edo %50koa –Espainiako Gobernuari Jaurlaritzak egin dion azken proposamena– izango bada ere. “Uste dut fase horretan jendea ere lasaiago ibiliko dela”.
Zarratu beharra zeukala jakin zuen egunean, ez zela txarrean pentsatzen hasi dio: “Egunez egun gauzak ikusten joan nintzen. Etxerako zerbitzuagaz ere ez ginen baimena eman eta berehala hasi. Jendea orduan ez zegoen kanpora eskatzeko beharragaz ezta gogoagaz ere. Uste dut momentu onean hasi ginela zerbitzu hori eskaintzen, eta ez dut uste orain momentu ona denik terraza jartzeko”.
Egoera ez da erraza inorentzat. Lokala berea bada ere, hipoteka ordaintzen ari da. Hala ere, momentuz, hipoteken ordainketak “geldik” daudela gogorarazi du. Langileak, berriz, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteagaz daude.
“Ez du merezi”
Markina-Xemeinen ere badira zabaltzea erabaki ez duten taberna horietako batzuk. Taberna eta terraza txikia edukita zabaltzea “merezi ez zuela” dio Markina-Xemeingo ostalari batek. Taberna barrura ezin sartu eta “kanpoan lau katu” edukitzeko ez duela merezi uste du. Deseskalatzearen bigarren faseari begira daude, eta datorren astelehenean (maiatzak 25) tabernara sartzea posible balitz, orduan zabalduko lukete. Bigarren faserako zehaztuta dituzten neurriekin, taberna barruan sei edo zazpi lagun sartu ahalko direla dio, eta kanpoan ere beste horrenbeste. “Leku txikia daukagu, eta mahaiak zabaldu behar baditugu, ez dakigu non jarriko ditugun. Aparkaleku bat daukagu aurrean, leku bat kendu beharko diogu hari!”, dio barrezka.
Taberna zabaltzeko gogoa daukate, baina arduratuta ere badaude. Jendea erlaxatu delakoan daude: “Kuadrilak ikusten dira kaletik, eta hori ez da normala. Ez dakit jendeari beldurra joan zaion edo zer gertatu den. Zer edo zer gertatu arte, katxondeoan dabil jendea”. Taberna zabaltzen dutenean neurriak hartu beharko dituztela dio, “sasoi batean tabakoagaz gertatu modura”, gogoratzen du; “beti tabernarien ardurapean!”. Hala ere, pazientziagaz zabalduko dute, “debaldekoa” baita.
Taberna zarratu beharra eduki zuenean, dioenez, “inork ez zekien zer izango zen; zenbat denborarako izango zen, ezta gauzak modu horretan jarriko zirela ere”. Beste gripe baten modukoa izango zela uste zuen: “Txarra izango da betiko gripea datorrenean, biak nahastuz, zelako nahastea sortuko den”.
Udalak esan dio terrazen tasarik ez diotela kobratuko. Hori bai, zarratu eta hamabost egunera, ordura arteko terrazaren tasa heldu zitzaiela azaldu du.
Denak zabalik
Bestelako egoera bizi du Gernika-Lumon taberna, kafetegia eta jatetxea duen ostalari batek. Egoerara erraz egokitu eta denak zabaltzea erabaki du: “Pribilejiatuak gara. Gu gara lokalen jabeak, eta ez dugu ordaindu behar alokairurik. Horrek lasaitasuna eta zabaltzeko dudarik ez izatea suposatu digu”.
Urtean ez dute taberna egun batean ere ixten, eta jatetxea bi egunetan: urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean. “Inoiz ez dugu oporrik hartu eta dena itxi. Sekulako aldaketa izan da. Hozkailu guztiak geldi egon dira, generoa egokitu behar izan dugu… sekulako lana egin”.
Jatetxea zabaltzeagaz ekin zioten jardunari maiatzaren 4an, etxera eramateko menuak egiten. Eta joan den astelehenean tabernako terraza ireki zuten.
Jatetxean izan dute aldaketarik nabarmena. Menuak ematen zituzten, eta jatetxea beteta zuten beti. Orain, etxera eramateko aukera jarri dute: “Beste aukera eta abantaila batzuk ditu: jendea ez da bertaratzen, eta ez da zerbitzarien lana behar. Jatetxea beteta izatera gaude ohituta. Baina daukagun generoari irteera emateko aukera bat da. Izan ere, genero askogaz geratu ginen konfinamendua ezarri zutenean. Lehenengo hiru asteburuetarako behar adina genero daukagu”. Jendearen erantzuna “bikaina” izaten ari dela dio “bai betiko bezeroen zein jende berriaren aldetik”.
Zabaldu dutenek herritarren erantzun ona nabarmendu dute
Terrazan ez dute aldaketa handirik izan, nahikoa gune zabala dute eta. Hala ere, distantzietara egokitu dira. Eta jendeak terrazetan egoteko “sekulako” gogoa zuela uste du. Hala ere, erantzukizuna eskatu die herritarrei: “Terrazetan babes neurriak errespetatzea denen ardura da, ez bakarrik gurea. Guretzako egoera berria da, eta negozioa egiteko gaude. Goizean mahaiak era batera kokatzen ditugu, baina bezero batzuek mugitu egiten dituzte; hor hasten da nahastea. Erantzukizuna eskatzen diet herritarrei, arazoak saihesteko”.
Tabernarien lana ere guztiz moldatu behar izan dute. Bata barruko barran geratzen da, eta bestea kanpoan zerbitzatzen. “Guztiz desberdina da”, dio, eta desinfektatze lanei egin dio aipamena: “Mahaiak eta komunak desinfektatu behar dira, maskarak, pantailak eta eskularruak erabili… dena da berria”. Laguntza eskertu die Gernika Zaintzakoei eta Barrutialdekoei, materiala erraztearren.
Langile gehienak ERTEn daude, eta helburua denak ERTEtik ateratzea eta normaltasunera bueltatzea dela dio ostalariak. Momentuz, etxekoak eta beste bi langile ari dira beharrean. “Momentuz, pausoka joango gara datozen neurrietara egokitzen. Kafetegiak badakigu erantzungo duela, baina jatetxeagaz astiroago joango da dena. Izan ere, ospakizun guztiak bertan behera geratu dira, eta asko genituen aurreikusita: jaunartzeak, afariak, jaiak…Ez dakigu zer gertatuko den. Ahalik eta arinen informazioa eduki gura dugu, zer gertatuko den jakin eta gu horretara aurreratzeko”.