Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea Kudeaketa Batzordeak zuzenduko du hauteskundeak egin arte
Zuzendaritza taldeko lau kidek dimititu egin dute, uda amaieran hauteskundeak deitu arte batzordeak kudeatuko du elkartea. Dimisioa aurkeztu duten bi kidek esan dutenez, presidentearen kudeaketagaz eta erabakiekin ados ez daudelako hartu dute erabakia.
Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko zuzendaritza taldeko lau kidek duela gutxi dimisioa aurkeztu ondoren, eta koronabirusak eragindako osasun krisia eta traineruen denboraldia laster hasiko dela kontuan hartuta, erakundea aldi baterako Kudeaketa Batzorde batek zuzenduko duela jakitera eman dute klubaren ordezkariek.
Zehaztu dutenez, klubean ez da aldaketa handirik egongo. Izan ere, batzordea azken urteetan klubean lanean aritu diren pertsonek osatzen dute, eta uda amaieran presidentetzarako hauteskundeak deitu arte hartuko dute ardura. Batzordeko kideen berbetan, bai klubak eta bai arraunak lasaitasuna behar dute: “Lasaitasunez ari gara lanean. Elkartearen planteamentuan ez da ezer aldatu, eta lan ildo berdinagaz gabiltza”.
Dimisioaren arrazoiak. Dimisioa eman duten bi kidek azaldu dutenez, arraun elkarteko presidentearen “egiteko era pertsonalista” izan delako, eta “zuzendaritza batzordeko kideak kontuan hartu barik” aurrera eroandako kudeaketagaz eta erabakiekin “desadostasun osoan” daudelako hartu dute erabakia. Astelehenean aurkeztu zuten euren dimisioa adierazten duen gutuna.
B trainerua. Bestalde, kirol arloari dagokionez, gaur egun dagoen salbuespen egoera dela eta, B trainerua ez dela uretara aterako iragarri du klubak.
2014tik proiektu hau aurrera ateratzea ahalbidetu duten guztiei eskerrak eman dizkiete, bereziki, “aurten oso gogor entrenatu diren eta arraunean egiteko aukerarik izango ez duten arraunlariei”.