Alarma egoera beste 15 egunez luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak
Luzapen berriak bestelako ezaugarriak ditu. Izan ere, zapatutik aurrera Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak izango du aginte bakarra: bera izango da erreferente nagusia. Sanchezen arabera, erkidegoek osasunaren oinarrizko arretan erabaki ahalmena berreskuratuko dute.
Bosgarren aldiz aurrera atera da alarma egoera Espainiako Kongresuan. Bosgarren luzapena maiatzaren 23rik ekainaren 6ra artekoa da, bi datak barne. Ciudadanosen, EAJren eta Coalicion Canaria alderdien baiezkoarekin lortu du Sanchezek luzapena onartzea; EH Bildu abstenitu egin da.
Sanchezen arabera, alarma egoeraren luzapen berriak bestelako ezaugarriak ditu. Izan ere, zapatutik aurrera Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak izango du aginte bakarra: bera izango da erreferente nagusia. Haren lantaldea “erkidegoekin batera elkarlanean arituko da”, gobernantza delakoa partekatuz. Sanchezen arabera, erkidegoek osasunaren oinarrizko arretan erabaki ahalmena berreskuratuko dute.
EAJko Aitor Estebanek esan du gobernua EAJren proposamenetara egokituz joan dela. Estebanen ustez, elkarrizketan sakondu ahala, gobernantza badabil eta erkidegoetako presidenteei dagokie akordioak gauzatzea. Estebanek zehaztu du hirugarren fasea pasatuta alarma egoera gaindituko dela, beste lurraldeak beste fase batean ote dauden aintzat hartu gabe. Uste du osasun ministroak aginte bakarran hartzea “norabide onean egindako aldaketa bat” dela.
ERCren antzera, EH Bilduk kezkaz ikusi du Madrilgo gobernuak berriro Ciudadanosen babesa behar izatea. EH Bilduk ohartarazi dio legealdian aurrera egiteko akordioa ezkerreko gehiengoaren bidetik edo eskuinetik soilik etor daitekeela. “Badakigu lehengoa hautatuz gero bidea egin dezakezula, baina bigarrena hautatuz gero babesa galduko duzu, eta bide motza izango duzu”.
Pablo Casado PPko buruzagia bestelako tonuan aritu da. “Kaosa zu zara” esan dio Sanchezi; Espainia hondamendira eramatea eta egoerak gaindituta aritzea leporatu dio. Gainera, azken asteotan herritarrek ezin izan dutela euren hildako senidekoekin egon baina gobernuak “IUko buruzagiaren hileta baimendu” duela aurpegiratu dio.