Maskaren tokiko ekoizpena eta hornikuntza bermatzeko laguntzak onartu ditu Jaurlaritzak
Arantxa Tapia sailburuak azaldu duenez, bertoko ekoizpena eta hornikuntza bultzatu eta bermatzeko erabakia hartu dute, eta maskarak produzitzeko ahalmena handitzeko ildo berriak zabaldu dituzte.
Espainiako Gobernuak atzo iragarri zuen maskarak erabiltzea derrigorrezko izango dela garraio publikoan, leku itxietan, zein kalean bi metroko tartea mantentzea ezinezkoa bada. Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak COVID-19a ez hedatzeko maskarak bertan egitea sustatuko duela jakinarazi du gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak. Bertoko ekoizpena eta hornikuntza bultzatu eta bermatzeko erabakia hartu dute, eta maskarak produzitzeko ahalmena handitzeko ildo berriak zabaldu dituzte.
Gaurko Gobernu Kontseiluan Nueva Sibol S.L.U eta Oarso S.Coop enpresei zuzeneko 582.876,67 euroko diru laguntza bana esleitzea onartu dute, maskarak egiteko makinak eskuratzeko. Industriaren Garapeneko zuzendaritzak kudeatu eta kontrolatuko ditu laguntzak.
Hori Eusko Jaurlaritza COVID-19a hedatzea prebenitzeko hartzen ari den neurrietako bat dela azpimarratu du Tapiak: “Koronabirusaren kontrako borrokak esponentzialki areagotu du babes-elementuen premia eta eskaria, batez ere maskarena. Aldi berean, nazioarteko pandemiaren egungo testuinguruak zaildu egiten du material sanitarioa kopuru handitan eta epean behar beste hornitu eta eskuratu ahal izatea. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak beharrezko ikusten du produktu sanitarioak tokian bertan sortzea, era horretan biztanleriaren babes-beharrizanei erantzun ahal izateko”.
394.585 euro arteko zuzeneko dirulaguntza bat bideratu dute Nueva Sibol S.L.U enpresara, FFP2 eta FFP3 maskara autoiragazleak egiteko. “Maskara autoiragazleak muntatu eta paketatzen dituen Flow-pack Bora 500-3M makinarako inbertsioa 789.170 eurokoa da eta, beraz, zuzeneko laguntza (Eusko Jaurlaritzak emandako itzuli beharrik gabeko diru laguntza), inbertsioaren % 50 da. Ahalmena egungo 3.520.000 unitate/urtean izatetik 10.252.000 unitate/urtean izatera pasako litzateke. Horrek esan nahi du urteko 6.700.000 unitate gehiago egingo liratekeela, eta lanpostu berriak sortu”.
Oarso S.Coop enpresari 188.291,67 euro arteko laguntza eman dio Jaurlaritzak (behar duen inbertsioaren % 50a) 2R maskara kirurgikoak fabrikatzeko (horretan dabil martxo erdialdetik). Produkzio-ahalmena areagotzeko, 376.583,33 euroko inbertsio egingo du, makineria eta askotariko ekipamenduetarako. “Hartara, maskara kirurgikoen beste produkzio-lerro bat ireki ahal izango du. Lerro berria martxan jartzeak balioko du hilero 2R motako 3,3 milioi maskara gehiago egiteko eta, ondorioz, urteko 39.600.000 unitate gehiagoz handituko du bere ahalmena. Gainera, bost lanpostu sortzea aurreikusi dute”, azaldu du Tapiak.