Nik, BermeON kanpaina abiarazi dute, Bermeoren, bermeotarren eta herriko ekonomia berrindartzeko
Kanpainak, lanerako bi ildo nagusi biltzen ditu; batetik, bermeotarren osasuna, ongizatea eta segurtasuna zaintzea, eta bestetik, udalerriko ekonomia biziberritzea. Udalak 2020ko aurrekontua aldatu du, 1.000.000 euro inguru bideratuko dituzte COVID-19ak eragindako osasun arloko krisiari aurre egiteko.
Koronabirusak mundu mailako krisia ekarri du, eta “Bermeo ez da horretatik kanpo geratu”. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, Bermeoko Udalak egoera horri aurre egin behar izan dio, behar dio eta beharko dio. “Bermeoren, bermeotarren eta herriko ekonomia berrindartzearen unea da”, esan du. Horregatik, Nik, BermeON kanpaina abiarazi dute. Gaur egin du alkateak aurkezpena Zoom plataformaren bidez.
Kanpainak, lanerako bi ildo nagusi biltzen ditu; batetik, bermeotarren osasuna, ongizatea eta segurtasuna zaintzea (487.170 euro), eta bestetik, udalerriko ekonomia biziberritzea (535.676 euro). Hainbat neurri hartu eta hartuko dituzte, eta horiek guztiak gauzatu ahal izateko udalak 2020ko aurrekontua aldatu du, “errealitate berrira egokitutako gastu eta inbertsio berrietan oinarrituta”. Hala, jakinarazi dutenez, 1.000.000 euro inguru bideratuko dituzte COVID-19ak eragindako osasun arloko krisiari aurre egiteko.
Neurri horietako asko dagoeneko martxan daudela gogorarazi dute. “Beste gauza batzuen artean, herritarrei zerbitzuak ematen, egoera zaurgarrienean zeuden kolektiboei laguntzen, herriko kaleak garbitzen eta desinfektatzen, segurtasun eta osasun arloko neurriei buruzko informazioa ematen eta ahal izan den neurrian konfinamendua arintzen” ahalegindu da udala, hainbat motatako ekimenak martxan jarriz. Horietara guztietara, 487.170 euro bideratu dituzte.
Orain, “pandemiari eusteko fase gogorrena gainditu ondoren eta alerta egoera arintze fasean sartu denean”, Bermeoko Udalak helburu “argi” bat dauka: herriko ekonomia bultzatzea eta berrindartzea. Horretarako, baina, denon inplikazioa “beharrezkoa” dela esan du Abaroak. Orain arte zenbait neurri hartu izan ditu udalak (egutegi fiskala egokitu, terrazen tasa ez kobratu, aholkularitza zerbitzua, beherapenak zaborrak biltzeko tasan…), baina ekintza berriak ere abiaraziko dituztela iragarri dute.
Hala, herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu profesionaletan kontsumoa dinamizatzeko Bermeo bonuak sortuko dituzte. Bestalde, Bermeo Tuna World Capital bidelagun izango du udalak ostalaritzarako antolatu duten beste ekimen batean. Diotenez, jarduera horien elementu nagusiak atunaren inguruko nortasuna eta bertako produktuaren kontsumoa izango dira.
Gainera, herrian kontsumitzera bultzatzeko komunikazio kanpaina bat ere abiaraziko dute, bermeotar guztiei herrian kontsumitzeko dei eginez.
“Nik BermeON kanpaina gureari laguntzeko, hemen gastatzeko eta gure jendearengan daukagun konfiantza erakusteko deia da”, dio alkateak. Era berean, bertako bisitaria, barruko turista erakartzera zuzendutako ekimena ere badela aipatu du.
Bermeoko Udalaren helburua herriko merkataritza balioan jartzea eta kontsumoa indartzea da: “Herritarrak herritik irten barik hornitzeko eta gozatzeko behar besteko eskaintza dauka Bermeok”.
Bestalde, dekretuaren ondorioz ateak itxi behar izan dituzten herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduei eta autonomoei zuzendutako beste lerro bat zabaldu du udalak; “egungo krisiaren eragina murrizten ahalegintzeko eta zulotik irteten laguntzeko”. Diotenez, udalak laguntza ekonomiko zuzenak emango dizkio sektoreari, informazioa emango dio eta Bermeoko ostalaritzaren eta merkataritzaren egoerari buruzko diagnostiko zorrotza egingo du.
“Profesionalei aurrera egiten, lekua aurkitzen eta modernizatzen lagunduko dien trebakuntza eskaintza diseinatzen ari gara. Horregatik, ahalik-eta diagnostiko zorrotzena egingo da, gaur egun sare hori zelan dagoen jakiteko, beharrak identifikatzeko, lehentasunak ezartzeko, eta modu horretan, gure eskaintza sektorearen benetako eskariei egokitu ahal izateko”, azaldu du Abaroak.