Urkulluk uztailaren 12rako deitu ditu hauteskundeak
Bihartik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoa "osasun-larrialdiko" egoeratik osasun-arloko "zaintza eta kontroleko" egoerara igaroko dela iragarri du lehendakariak. Hauteskundeak ez ohiko egoeran egingo direnez, "segurtasun eta babes plana" prestatzen ari direla zehaztu du Urkulluk; Segurtasun sailak egingo du herritar guztiek botoa emateko bermeak eta neurriak ezartzea helburu duen plana. Hauteskundeen ezaugarriei buruzko azalpenik ez du eman, ezta kanpainari buruzkorik ere. Horiek datozen egunetan jakinaraziko dituztela zehaztu du
Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernu Kontseiluaren ez ohiko bileraren buru izan da gaur, dokumentazio teknikoa eta azken orduetan emandako araudia aztertzeko eta hurrengo hauteskunde deialdiari buruz eztabaidatzeko. Bilera egin ondoren, Lehendakariak hauteskunde data iragarri du; momentu honetan hartu zitekeen “erabakirik arduratsuena” dela esan du. Gaur arratsaldean sinatuko du EHAAn bihar, 2020ko maiatzaren 19an, argitaratuko den Dekretua.
Iñigo Urkulluk, bere agerraldi publikoan, azken bi hilabeteetan COVID 19-aren ondorioz hildakoak gogoratu ditu agerraldiaren hasieran; euren familiei eta hurbilekoei dolumina eta elkartasun helarazi dizkie.
Hauteskundeak ez ohiko egoeran egingo direnez, “segurtasun eta babes plana” prestatzen ari direla zehaztu du Urkulluk; Segurtasun sailak egingo du herritar guztiek botoa emateko bermeak eta neurriak ezartzea helburu duen plana. Hala, hauteskundeen ezaugarriei buruzko azalpenik ez du eman, ezta kanpainari buruzkorik ere. Horiek datozen egunetan jakinaraziko dituztela zehaztu du.”Hauteskundeen deialdiak pandemia eta egoera sanitarioa ebaluatzeko konpromiso publikoa hartzen du. Uztailak berme guztiak ditu. Gainera, osasun-larrialdia eragin zuten baldintzak berriro gertatuko balira, urriaren 25a baino lehen beste aukera bat izango genuke “.
Halaber, iragarri du bihartik aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa “osasun-larrialdiko” egoeratik osasun-arloko “zaintza eta kontroleko” egoerara igaroko direla. Izan ere, hauteskundeen deialdiaren dekretua sinatu aurretik, EAEko osasun larrialdia indargabetu beharra dauka Urkulluk. Hori Babes Zibilerako Aholku Batzordeak gaur arratsaldean egingo duten bileran gauzatuko dute; bilera horretan, Urkulluk batzordearen buruzagitza utziko du normalean izan ohi duen karguaren esku; alegia, Segurtasun sailburuaren esku.
Hiru arrazoi. Eusko legebiltzarreko hauteskundeak uztailaren 12rako deitzeko hiru arrazoi azaldu ditu: osasun-arlokoa, izaera juridiko eta legalekoa eta parte-hartzea bermatzekoa.
Urkulluren arabera, osasun publikoko txostenek egiaztatzen dute egungo egoera “nabarmen hobea” dela erkidegoan duela bi hilabete osasun-larrialdia deklaratu zenean baino. Martxoaren 13an, egoera epidemiologikoak ez ohiko eta premiazko neurriak hartzea ekarri zuen, osasun-larrialdiari erantzuteko. Azpimarratu du osasun publikoari buruzko azken txostenak berretsi egiten duela azken asteotan kasu positiboen beherakada jarraitua izan dela, eta hildako pertsonen beherakada etengabea. Urkulluren berbetan, “Euskadik gainditu egin du pandemiaren hedapena geldiarazteaeta osasun-sistemaren kolapsoa saihestea”.
Zaintza eta kontrolaren etapa berri batean gaudela gaineratu du: “Joera aldatu egin da, eta ez dago pertsonei arreta emateko osasun-sistema kolapsatzeko arriskurik. Egoera berri honen aurrean, eta udazkenari lotutako ziurgabetasunen aurrean, osasun publikoaren txostenak uste du uztaila garai egokia izan daitekeela hauteskundeak deitzeko”.
Arrazoi juridikoa eta legezkoa argudiatzeko azaldu du alderdi politikoekin egindako bileretan denak ados zeudela hauteskundeak deitzea garrantzitsua zela. “Pandemiak udan eragin txikiagoa duela eta udazkenean arrisku handiagoa dagoela kontuan hartuta, erabaki dut berme gehien duen data uztailaren 12a dela”. Bere ustez, baldintza guztiak betetzen dira hauteskundeak berme osoz egiteko. “Egia da Covid-19ak eragiten duen ziurgabetasunaren aurrean gaudela, baina euskal gizarteari jakinarazten diot hauteskundeak pertsonen osasunerako segurtasun osoz egingo direla. Hori izango da lehentasuna une oro “.
Parte-hartzearen bermeari dagokionez, zehaztu du Espainiako Diputatuen Kongresuan maiatzaren 6an hartutako erabakiaren arabera, alarma-egoera indarrean egotea ez dela oztopo hauteskundeak egiteko. Segurtasun Saila prebentzio-neurriak eta -mekanismoak biltzen dituen plana prestatzen ari da, pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatuko duen hauteskunde-prozesu bat garatzeko.
Bihar argitaratuko duten dekretuaren arabera, hauteskunde kanpaina ekainaren 26an hasiko da. Baina, kanpainaren ezaugarriak eta iraupena erabakitzea alderdi politikoei dagokiela esan du Urkulluk.
Erreakzioak. Uztailaren 12ko data iragarpenak ez du inor ezustean harrapatu eta Eusko Legebiltzarreko alderdien erreakzioak berehala heldu dira. EH Bildurentzat data hori aukeratu izana ez dago “inongo osasun arrazoietan oinarrituta”. Helburu bakarra “bere interes elektoral eta alderdikoiak babestea” dela uste du koalizio abertzaleak. Oposizioak joan den asteko batzarrean beste aukera batzuk proposatu zizkiola adierazi du: “Lehendakaritzako bileran zeuden alderdi politikoak entzun zituen, baina ez zituen aditu, erabakia aldez aurretik hartua zuelako”
Hauteskundeak berme osoz egiteko konpondu beharko diren osasun gaiez gain, hauteskundeak eta hauteskunde kanpaina berme demokratikoekin garatzeko izango diren zailtasunak azpimarratu ditu EH Bilduk. Ezker subiranistaren ustez, zailtasun handiak egongo dira hauteskunde-kanpainan aukera-berdintasuna bermatzeko, eta zailtasunak izango dira herritarrek beren botoaren zentzua hausnartzeko.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-en lehendakarigaiaren arabera, berriz, hauteskundeetarako data honekin, EAJk “abstentzio garrantzitsu bat” baino ez du nahi; “beti eskuinari mesede egiten dion abstentzioaren bila” dabilela esan du. Koalizio morearen ustez, hori da da horrelako “erabaki arduragabe” bat hartzeko arrazoi bakarra. “Modu arbitrarioan” hartutako interes alderdikoien aldeko erabakia dela uste du Gorrotxategik, eta ez interes orokorrean pentsatuta hartutakoa. “Confebaski bakarrik entzungo ez dion Gobernu alternatibo baten alde borrokatuko gara. Gobernu desberdin baten alde borrokatzera irtengo gara, eta horretarako, ezinbestekoa da PSEk eta Bilduk fitxak mugitzea”, nabarmendu du Gorrotxategik.