Ordu tarteak berraztertzeko eskatu dio Urkulluk Sanchezi
Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bultzatzea eta kultur ekitaldietan eta ostalaritzan bigarren faseko edukiera-murrizketak % 50era arte malgutzea ere proposatu dio.
Presidente autonomikoen hamargarren bilera egin zuten atzo, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak bost proposamen helarazi zizkion Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, deseskaladan aurrera egiteko:
- Etxetik kanpoko eremu itxietan edota pertsonen artean gomendatutako gutxieneko distantzia mantentzen ez den egoeretan egiten diren jarduera guztietan maskarak erabiltzea.
- Ordu-tarteak berriz aztertzea, baita 1. fasean ere.
- Bigarren faseko edukiera-murrizketak% 50era arte malgutzea kultur ekitaldietan edo ostalaritzan.
- Turismo aktiboa eta naturakoa, modu aske eta seguruan ahalbidetzea.
- Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bultzatzea, arreta berezia jarriz ziklo-aldaketako edo selektibitaterako prestakuntza-ikastaroetan, bai eta zailtasun akademikoak, sozialak, familiarrak edo eten digitala duten ikasleen artean ere.
“Zenbat eta mugikortasun handiagoa, orduan eta handiagoa izan behar da banakako prebentzioaren ardura”, azpimarratu zuen Urkulluk. Horregatik, mugikortasuna areagotu ahala, maskara gehiago erabiltzea beharrezkoa dela uste du Jaurlaritzak. Ordu tartei buruz esan zuen “baliagarriak izan direla hasierako uneetan”, baina orain herritarren artean “nahasmena sortzen” dutela.
Lehendakariak 1. fasearen lehen astearen balantze positiboa egin zuen. Kudeaketan “zuhurtasuna eta arreta areagotu” izana nabarmendu zituen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kasu positiboen “beherakadaren joera etengabea mantentzea” lortu dela esanez: “Osasun krisi honen ziklo gogorrena gainditzen ari gara, eta horrek lehentasuna izaten jarraituko du”. Gogoratu zuen krisiak enpleguan eta ekonomian utzitako ondorioekiko kezka handitzen doala.