Martxan da Arrain Azoka birtuala
Arrain Azoka birtuala pertsona eta eragile desberdinen arteko esfortzu eta konpromisoetatik sortutakoa dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Arrain Azoka Elkarteko presidente den Bermeoko alkate Aritz Abaroaren mezuagaz zabaldu dute, 12:00etan, Arrain Azoka Birtuala. “Produkturik onenak harrapatu, ekoiztu eta merkaturatzen duten enpresentzako ate eta leiho berriak zabaltzea da gure erronka. Pandemia honek gauza asko erakutsi dizkigu, baina, batez ere, gizarte modura erronka baten aurrean jarri gaitu. Horregatik, pausoak emateko eta mundu mailan kokatzeko, apustu berriak egin behar ditugu, dinamizatzeko edota erreferente izaten jarraitzeko. Hortik sortu da Arrain Azoka birtuala”.
Arrain Azoka birtuala pertsona eta eragile desberdinen arteko esfortzu eta konpromisoetatik sortutakoa dela dio aurkezpen bideoan Bermeoko alkateak; “herrian eta herriaren etorkizunean sinesten duten pertsona, enpresa eta elkarte askoren esfortzu eta konpromisotik sortu da”.
Abaroaren esanetan ikusi, ikasi, entzun eta erosteko aukera eskainiko du aurtengo Arrain Azokak.
Mahoiekin jantzitako balkoien edo leihoen argazkiak sare sozialetara igotzeko deia egin dute antolatzaileek, Bermeoko Arrain Azoka etiketatuta. Parte hartzaile guztien artean otzara bat zozkatuko dutela azaldu dute.
Gaurko egitaraua
12:00. Inaugurazio ekitaldia. Arrain Azoka elkarteko presidente den Bermeoko alkatearen agurra eta Arrain Azoka birtualaren bideo aurkezpena
12:30. Gure produktuekin gastronomia ospatzen: 4 pintxo arrainagaz eginak.
13:30. Aurkezpenak: Gastronorte eta La Gilda del Norte.
18:00. AZTI: Atunaren markaketa.
19:00. Gastroteka tabernaren pintxoagaz, gastronomia ospatzen.
20:00. Aurreko urteetako Arrain Azokak gogoratzen.