Hezkuntzan osasuna bermatu ezean greba deituko du ELAk
Maiatzaren 25ean eskoletara osasun baldintzak bermatuta bueltatzea ezinezkoa izango balitz, osasuna bermatzeko bere esku dauden tresna guztiak erabiliko dituela esan du sindikatuak, greba barne.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hezkuntzako langile, ikasle zein komunitate osoaren osasuna bermatzeko neurriak hartuko ez balitu, ELAk osasuna babesteko bere eskura dituen tresna guztiak baliatuko ditu. Hala jakinarazi du sindikatuak, eta beharrezkoa balitz, greba deituko lukeela esan du. Ikasle sindikatuak ere greba mugagabea ditu du.
Sindikatuaren ustez, azken asteetan agerian geratu da ikasgeletara bueltatzeko Hezkuntza sailaren plana inprobisatutakoa, presazkoa, eta aldebakarrekoa dela. “Publiko egin dituen erabaki denak aldebakarrez hartu ditu, sindikatu, iaksle eta familiekin partekatu eta negoziatu barik”, esan du sindikatuak.
Maiatzaren 18an ikastetxeetara bueltatzeko Hezkuntza sailaren erabakia jakindakoan “beharrezkotzat” jo zituen pausoak eman zituen ELAk. Hala, sindikatu eta eragileekin lanketa bat abiarazi zuten, “erantzun bateratu bat eman asmoz”. Besteak beste, grebaren beharra eta egokitasuna planteatu zuen ELAk, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Beraien osasuna bermatuta ikusten ez zuten langileei greba eskubidea egikaritu ahal izateko, eta lan presentziala egiteari uko egiteko bermea eman asmoz, greba deialdi bat erregistratu zuen ELA sindikatuak, maiatzaren 18rako. Hala ere, Hezkuntza sailak ikasgeletara bueltatzeko data atzeratu du, maiatzaren 25era.
Egoera ikusita, sindikatuak behin eta berriro eskatu dio Hezkuntza sailari beraiekin negoziatu ditzala klase presentzialetara osasuna bermatuz bueltatzeko neurriak, protokoloak eta balditzak. Baina administrazioaren partetik erantzunik eduki ez izana kritikatu du. Horregatik, modu prebentiboan, maiatzaren 8an erregistratu zuten greba maiatzaren 25etik aurrera mantentzea erabaki du ELAk. Jakinarazi du, gainera, greba erregistro horrek Haurreskolak Partzuergoko langileak ere babesten dituela, “0-1 urteko ikasleen itzulera presentziala ere osasuna bermatu gabe izateko arriskuaren aurrean”.