Hauteskundeak uztailean egiteko "osasun bermeak" egon daitezkeela uste du Jaurlaritzak
Hauteskundeei buruzko bilera egin dute legebiltzarrean. EH Bilduren ustez, "erabakia hartuta dago, eta gaurkoa antzerkia izan da".
Hauteskundeei buruzko polemikak aurrera darrai, eta gaurko batzarrean ere ez dute adostasunik lortu alderdi politikoek. Data ofizialik ez dute eman, baina oposizioaren ustez, uztailean egitea erabakita dauka Jaurlaritzak. Komunikabide batzuk zabaldu dutenez, uztailaren 12a edo 19a izan daitezke hauteskundeetarako data posibleak (hauteskunde deialdiak 54 eguneko epearekin egin behar dira). “Osasun larrialdi egoera altxatu arte” erabakirik ez du hartuko Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, hauteskundeak uztailean egiteko “osasun bermeak egon daitezke”, eta orain da hori aztertzeko unea. “Zentzuzkoena eta arduratsuena aukera hori orain hausnartzea da. Garaiz ez bada egiten, eta udazkenean hauteskunde deialdia eragozten duen atzerapausoa ematen bada, legegintzaldiaren epe mugaren barruan aukera barik geratuko ginateke”, azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak. Hori gertatuz gero, instituzioak egoera “prekarioan eta muturreko behin-behinekotasunean” geratuko liratekeela gaineratu du, “beharrizan gehieneko momentuan, legeak egiteko botere edota gaitasunik barik”.
Haren berbetan, beharrezko neurriak hartzen badira, datozen hilabeteetarako aurreikuspena pandemia urritzea da, eta beraz, hauteskundeak egin ahalko lirateke: “Osasun datuen bilakaera positiboa da Euskadin, eta aukera ematen du jarduera guztien berreskurapena planifikatzeko”.
Lehendakariak hauteskunde deialdia hartzeko beharrezkoak diren hiru berme nabarmendu ditu gaurko batzarrean: Epidemia kontrolatzeko eta osasun gaitasuna bermatzeko bermea, botoa emateko eskubidea gizarte osoari eskuratzeko aukera eman dioten zerbitzu publiko guztiak izateko bermea eta herritar guztientzako kanpainaren eta hauteskunde egunaren segurtasuna babesteko planaren bermea.
EH Bilduren ordezkari moduan, Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte egon dira gaurko batzarrean, eta irtendakoan Otegik esan du Urkulluk erabakia “hartuta daukala, eta hau antzerki bat” izan dela: “Zoritxarrez interes elektorala eta beste mota batzuetako interesak inposatu dira. Arduragabekeria izugarria da, jendea ez dagoelako hauteskundeetan pentsatzen.” Erkorekak erantzun du erabakia ez dagoela hartuta, eta lehendakariak iritzi guztiak entzun eta aztertuko dituela eta ondoren, Gobernu Kontseilura eroan eta erabakia hartuko duela eta herritarrei jakinaraziko diela: “Lehenik eta behin Euskadiko osasun egoerari begiratuko dio lehendakariak, eta beti bezala, Euskadiren interesen arabera jokatuko du”.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak berretsi du ez dela hauteskundeei buruz berba egiteko momentua, eta itxaron egin beharko litzatekeela: “Ez ohiko egoera honetan ez dago hauteskunde girorik”.
EAJk alarma egoera luzatzearen aldeko botoa “ematearen truke, Sanchez-Iglesias tandemak Urkulluri hauteskundeak egiteko bedeinkapena” eman ziola kritikatu du Carlos Iturgaitz PP+C’s-eko lehendakarigaiak.
Andoni Ortuzar jeltzaleak adierazi du lehendakariak hartuko duen erabakia “oso zorrotza eta zuhurra” izango dela.
Eusko Jaurlaritzaren helburua Legebiltzarra lehenbailehen eratzea da. Bozeramaileak egin beharreko lanak zerrendatu ditu: Premia berrietara egokitutako aurrekontua onartzea, DSBE erreformatzea, Lanbideren erreformari ekitea eta sektore ekonomikoei, merkataritzari, ostalaritzari, enpresa txiki eta ertainei, lehen sektoreari edo lehiakortasunari laguntzeko legeak onartzea.
Hirugarren bilera. Lehendakariak euskal alderdi politikoekin hirugarren bilera egin du gaur. Martxoaren 16an, hauteskunde deialdia indarrik gabe uztea erabaki zuen, eta apirilaren 30ean, hauteskundeak deitzeko dauden bi aukerak aurkeztu zituen: batetik uztaila, bestetik iraila edo urria. Gaur bi aukera hauen aurrean hausnarketa partekatu dute eta horretarako, Lehendakariak hiru dokumentu aurkeztu ditu: Osasun Sailaren txostena, osasun-larrialdiari buruzkoa, txosten juridikoa eta hauteskundeak berme osoz egiteko hartu beharreko neurriei buruzko txostena.