Saharar errefuxiatuak laguntza barik utzi ditu koronabirusak
Euskal Herriko Sahararen aldeko elkarteak dirua batzen hasi dira. Maiatza eta ekaina bitartean batuko dute dirua. Bermeon, Besalde elkarteak dauka horren ardura.
Saharar errefuxiatuek Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizirik irauteko ezinbestekoa izaten dute dute kanpoko laguntza. Hala, esaterako, Euskal Herritik, urtero, Piztu itxaropena lelopean, Euskal Karabana antolatzen dute. Elikagaiak batuta, otsailaren 29an abiarazi zen Euskal Karabana Donostiatik. Karabana hori, baina, bete-betean harrapatu du koronabirusak, eta Alacanten geldik dagoela jakinarazi dute, eta ez dakite noiz arte. Modu horretan, Euskal Herriko Sahararen aldeko elkarteak dirua batzen hasi dira. Maiatza eta ekaina bitartean batuko dute dirua.
Bermeon, Besalde elkarteak dauka horren ardura, hortaz, laguntza emateko interesa daukaten herritarrek 635 72 50 62 (Ana) telefono zenbakira deitu beharko dute.
Saharako Ilargierdi Gorriaren bidez izan dituzte hango berriak. Azaldu dutenez, Saharar agintariek garaiz hasi ziren koronabirusak eragindako pandemiaren prebentziorako neurriak hartzen. Besteak beste, gertuko herrialdeekin mugak itxi zituzten, Wilayen eta Saharar Errepublikako lurralde liberatuen arteko mugimenduak geldiarazita.
Jakinarazi dutenez, oraingoz ez dago koronabirusak kutsatutako kasurik, “eta hori izugarrizko lorpena da”. Hala ere, “espero modura”, mugen itxierak, kanpoko laguntza ez jasotzeak eta merkataritza eta ekonomia jardueren jaitsierak “ondorio nabarmenak” eragin ditu. Nabarmendu dute, gainera, haurdun dauden eta bularra ematen duten emakumeen artean anemia tasa %73 baino altuagoa dela, eta 5 urtetik beherako umeen desnutrizioa %25era iritsi dela. Gainera, diabetesa eta tentsio arazoak dauzkaten pertsona helduen kopuruak ere gora egin duela diote.
Saharako kanpamentuetan laguntza behar dutela eta, herritarrak deitzen dituzte diru laguntza ematera. Jasotzen duten diru kopurua Ilargierdi Gorriak jasoko duela azaldu dute, “eurek janaria erosi eta familien artean banatzeko ardura har dezaten”.