"Rock&Roll zuzena da gurea, eta letrekin hori helarazi nahi dugu"
Urtebetez lanean ibili ostean, iazko azaroan sartu ziren Bilboko Koba Estudiora Xanpegaz grabazioak egiteko. Bederatzi kantu prest bazituzten ere, bost grabatu dituzte.
Konfinamenduan, alarma egoeran kaleratu du lehenengo diskoa Bermeoko Addar musika taldeak: Sugarra. Taldeak berak sortutako bost kantuz osatuta dago diskoa.
Honakoek osatzen dute taldea: Gorka Padrones (Bermeo. Ahotsa eta gitarra), Beñat Aurre (Bermeo. Gitarra), Xabier Bilbao (Bermeo. Baxu jotzailea); Bilbaok taldea utzi behar izan zuen grabazioa amaituta; bere ordez sartu da Mikel Omago (Gautegiz Arteaga. Baxu jotzailea) eta Imanol Rodriguez (Mundaka. Bateria-jotzailea).
2018ko urrian eratu zen Addar taldea. Zona Cero taldean gaztelaniazko musika egiten zuten, eta euskaraz Rock&Rolla egiteko gogoa zeukaten. Aipatu taldean geldiunea egin zuten, eta une horretan ikusi zuten talde berria eratzeko aukera. Zona Cero taldeko hiru kideak hasi ziren. Addar taldean (Gorka, Imanol eta Xabi), eta Zartada taldeko Beñat Aurre batu zen ostean. «Zona Cerogaz kolaborazioren bat edo beste egina zeukan Beñatek gugaz», dio Addar Taldeko Gorka Padronesek. Diskoaren grabazioa amaituta, hala ere, Xabierrek taldea utzi behar izan zuen, eta bere lekua bete du Mikel Omagok.
Taldearen izena bilatzeko, hiztegian hitz bereziak bilatzen hasi zirela dio Padronesek: «Zuberoako leku batzuetan deabruari Addar deitzen diote. Ideia gustatu zitzaigun, eta hortik dator taldearen izena».
Urtebetez lanean ibili ostean, 2019ko azaroan sartu ziren Bilboko Koba Estudiora Jose Manuel Sampedro Xanpe-gaz grabazio lanak egin asmoz. Estudiora sartzeko bederatzi abesti prest zeukaten. Hala ere, baliabide ekonomikoak kontuan hartuta bost abesti grabatzeko aukera baino ez dute izan. «Aukeraketa bat egin behar izan genuen. Bost abesti horiek aukeratu ditugu taldearen esentzia hoberen erakusten dutenak direla uste dutelako, soinu aldetik ere, gehien gustatzen zaizkigunak dira».
Taldearen letrak «ez dira oso filosofikoak ezta sakonak ere», normalean Rock&Rollean jorratzen diren gaiak lantzen dituztela diote: maitasuna, maitasun eza, esperantza, beldurra… Rock&Roll zuzena egiten dute, eta letrekin hori helarazten saiatzen dira. Energia helarazi gura dute, hortaz, soinua eta letrak horrekin bat etorri behar direla uste dute. Taldeekideek eurek sortzen dituzte abestiak: «Normalean nik neuk (Gorka) edo Beñatek eroaten ditugu abestien eskeleto landuak lokalera, agian, gitarragaz etxean sortzea errazagoa izan daitekeelako. Etxean, estrofak eta estribilloak lantzen ditugu, eta letren gidoi bat ere egiten dugu. Gero, lokalean azken forma ematen diegu».
Eraginak. Taldeak bere estiloa badauka ere, zenbait eragin ere badituela azaldu dute. Euskal talde askoren eragina daukate; Eskean Kristo, Kuraia edota Potemkin batzuk aipatzekotan. Azkenaldian, gainera, rock eskandinaviar asko entzuten ibili direla eta, hango energia ere barneratu dute Addarrek sortutako abestiek. «Eskandinaviako taldeek egiten duten modura, saiatu gara energia helarazten baina abesti melodikoak erabilita. Bide horretatik jo gura dugu», dio Padronesek.
Momentuz, abestiak plataforma digitaletan entzun daitezke: Spotify, Youtube, Bandcamp, Amazon Music… Aurrerantzean, hala eta guztiz ere, diskoa fisikoki lortzeko aukera ere egongo da, taldearen kontzertuetan, sare sozialen bitartez edo posta elektroniko bidez (addar.rockband@gmail.com) eurekin harremanetan jarrita. «Diskoak oraindik fabrikan daude, bila ezin gaitezkeelako joan. Konfinamendua amaitzen denean, esku artean edukiko ditugu».
Konfinamenduari alde positiboa ateratzen saiatu dira: «Jendeak, etxean egonik, musika gehiago kontsumitzeko aukera dauka, bai eta kulturagaz lotutako elementu desberdinak kontsumitzeko ere. Prest geneukan diskoa, eta momentu ona zela iritzita, kaleratzea erabaki genuen, jende gehiagorengana iritsi asmoz».
Orain arte ekoizpen lanetan murgilduta ibili direnez, kontzertu gutxi eman dituzte: Gernika-Lumoko Astran jo izan dute, Bermeoko jaietan… Beste kontzertu batzuk aurreikusita zituzten, Santurtzin edota Nafarroan, baina, alarma egoeragatik bertan behera geratu dira.
Zuzenekoetan ondo ikusi dituzte euren buruak, nahiz eta hobetzeko gauzak dauzkaten. Zuzenekoei garrantzia ematen diote; «horiek ere prestatu behar dira, eta hori egitea gustukoa dute, gainera». Padronesen arabera, ez dituzte abestiak berdin prestatzen diskorako edota zuzenekoetarako: «Taldekideak batu eta entseguak egiteko aukera dugunean, horretan ibiliko gara, zuzenekoak prestatzen. Diskoa kalean izanik, horren aurkezpena egiteko gogoz gaude». Epe laburrean ez dute uste kontzertuak eskaintzeko aukera handirik egongo denik, eta taldea, hortaz, beste lan batzuk egiten ibiliko da: «Ez gara aspertuko, beti dago zer egin».
Euskal taldeen musika «geroz eta kalitate handiagokoa» dela uste dute; «inoiz baino talde gehiago ateratzen dira». Hori bai, kontzertuak eskaintzeko lekuak murrizten ari direla diote.