Maiatzaren 21ean jarriko dute martxan Zuzenean zerbitzuaren arreta presentziala
Arreta presentziala, hala ere, izapideak egiteko eta dokumentazioa erregistratzeko baino ez da izango.
Gaur, Gobernu Kontseiluak Covid-19aren pandemiaren ondoriozko egoeraren deskonfinamenduan herritarrei arreta emateko neurriak ezartzen dituen akordioa onetsi du. Hala, datorren eguenean (maiatzak 21) jarriko dute martxan Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuaren (Zuzenean) arreta presentziala; hori bai, gutxi-gutxika egingo dute.
Arreta presentziala, oraingoz, izapideei erantzuteko eta dokumentazioa erregistratzeko baino ez da zabalduko, eta aurretiaz hitzordua eskatu beharko da. Hitzordua maiatzaren 18tik aurrera eskatu ahalko da euskadi.eus webgunean. Gainera, Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi duenez, hitzorduak emateko makinak jartzen ari dira bulegoetan, eta bulegoak irekitzen diren egunetik egongo dira erabilgarri. Eusko Jaurlaritzak pertsona eta izapide bakoitzarentzat, arretarako 15-20 minutuko denbora aurreikusi du. Bulegoak ohiko ordutegian irekiko dira, 08:00etatik 19:30era.
Kontsulta eta informazio zerbitzua, hala ere, 012 telefonoaren bitartez, Telegramen bat-bateko mezularitza zerbitzuaren (688 671 234) eta euskadi.eus webguneko harremanetarako-buzoi digitalaren bidez eskaintzen jarraituko dute.
Bulego guztietan babes kolektiboko neurriak ezartzen ari direla esan du Erkorekak; manparak, markak lurrean, sartzeko kontrolak edo gel hidroalkoholikoen banagailuak, gune komunak garbitzeko plan bereziak…
Erkorekak gogorarazi duenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, administrazio-prozedura gehienak digitalizatuta daude, eta online egin daitezke, identifikazio ofizialeko sistema baten bidez. Gainera, Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez edozein eskabide, idatzi edo jakinarazpen baliabide elektronikoen bidez aurkez daitekeela esan du. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzaren sail guztiak beren prozeduren gainbegirada zorrotza egiten ari direla dio, administrazio digitalari bultzada eman eta online kudeaketaren esperientzia hobetzeko. Horregatik guztiagatik, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetara izapide presentzialen bat egitera doazen pertsona guztiek jasoko dute B@kQ identifikazio elektronikoko doako baliabide ofiziala. Erkorekak esan duenez, “oso erraza” da erabiltzeko, eta modu horretan, izapidearen jarraipena egin ahalko dute Internet bidez.