Ibarrangeluko Udalak begiratokia egin du Gametxon
Auzotarrekin zeukan konpromisoa betez, paisaia eta ikuspegiaz gozatzeko aukera eskaintzen duen atseden gunea egokitu dute.
Kantauri Itsasora beste begirada bat eskaintzen du Ibarrangeluko Udalak Gametxon egin duen begiratokiak. Ikuspegi ederraz gozatzeko aukera daukate bertan auzotarrek zein bisitariek, eta leiho zabala izateaz gain, bertakoentzat zein hara hurbiltzen direnentzat atseden gunea izateko asmoz egin dute. “Akordako Gametxo leku zoragarria da, Atxarreren magalean eta Kantauri Itsasoaren aurrean. Jarlekua ere jarri dugu atseden hartu eta paisaiaz gozatzeko”, dio Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
2006an Gametxoko auzotarrekin hartutako konpromisoari erantzun dio udalak. “Gu oraindik ez geunden udalean. Lursail horiek udalarenak ziren eta saldu egin zituzten. Orduan, auzotarrekin konpromisoa hartu zuten gune publiko bat irabazteko”, azaldu du alkateak.
24.453,29 euro bideratu dituzte, eta 13.693,84 euroko laguntza jaso dute Eusko Jaurlaritzaren Leader programatik.