Bermeoko tabernek terrazak handitu ahalko dituzte, ahal den kasuetan
Interesa daukatenek Bermeoko Udalera jo beharko dute; eskariak banan-banan aztertuko ditu udalak. Gainera, alarma egoerak iraun bitartean ez dute terrazen gaineko zergarik kobratuko.
Herriko zenbait tabernek atzo ireki zituzten pertsianak, beste batzuk ordea, oraindik ez zabaltzea erabaki dute. Tabernek zenbait baldintza bete behar dituzte pertsianak zabaltzeko, eta Bermeoko Udalak horien egoera arintzeko eta errazteko asmoa agertu du. Hala, udaletik jakinarazi dutenez, tabernen terrazak handitzea ahalbidetuko dute, betiere, posible den kasuetan.
Interesa daukaten ostalariek udalera jo beharko dute eskaera egitera. Kasuak banan-banan aztertu ondoren, handitzeko aukera egongo balitz, Bermeoko Udala baimena emateko prest agertu da.
Gainera, Bermeoko Udalak alarma egoerak iraun bitartean ez du terrazen gaineko tasarik kobratuko. Bestalde, sastar-batze tasan ere deskontuak egingo dituztela jakinarazi dute.
Hartutako azken neurriekin udalak erraztasunak eman gura dizkio osasun krisi hau dela eta euren establezimenduak itxi behar izan dituen sektore honi.