Aurrekontu "are sozialagoak" onartu dituzte Ibarrangelun
Koronabirusaren eraginera herria egokitzeko inbertsioak egingo dituztela azaldu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Azken urteetan modura, aurrekontu “xumeak eta sozialak” onartu dituzte Ibarrangelun.”Alarma egoera hau dela eta, herriko negozio eta herritar asko kaltetuta suertatu dira, eta bide horretan lagundu gura dugu, momentu honetan eta etorkinean ere bai. Horregatik, herriko aurrekontuak herriko jendeari laguntzeko izango dira”, esan du Jesus Mari Ziluaga Ibarrengeluko alkateak.
Hain zuzen ere, Koronabirusaren eraginera herria egokitzeko gauzak ere egin beharko dituztela ere argi daukate. Horixe baita gaur gaurkoz bertoko udalen lehentasun eta erronka nagusia: “Egoerari aurre egiteko eta egoerara egokitzeko lantzen ari garen protokolo desberdinekin lotura edukiko dute egingo diren obrek. Protokolo horiek herritar eta langileak babesteko eta gure instalazioak behar horietara egokitzeko izango dira”.
Ezarrita dauden legeetara egokitzeko ere erabakiak eta neurriak hartu beharko dituztela gaineratu du, eta horretan ari dira. Gainera, zinegotzi guztiak alkarregaz eta erabakiak aho batez hartzen ari diela azpimarratu du alkateak: “Azpiegiturak egokitzeko, materialez hornitzeko edo behar denerako inbertsioak egin beharko ditugu”.
“Azpiegiturari dagokionez, momentu honetan obrak geratuta daude. Segurtasun eta iriste erraztasuna hobetzeko lan batzuk egiteko izan ginen. Onartuta daude, baina oraindik ez dakigu zelan izango diren, eta laguntzarik edukiko dugun ala ez ere ez dakigu”, azaldu du alkateak.
Hori guztia dela eta, udalaren gastuei dagokienez, prudentziaz jokatuko dutela zehaztu du Ziluagak. 1.473.802 euroko aurrekontua (erdia pertsonal gastuetarako) onartu zuten martxoaren 10eko osoko bilkuran eta martxoaren 20ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten. Jendaurrean hamabost egunez egon eta erreklamaziorik aurkeztu ez denez, behin-betiko onartuta geratu da, eta hori agertu zen apirilaren 29ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.