24 ordutan ez da positiborik egon Busturialdean
Osasun sailak gaur emandako eskualdeko datuetan atzo emandako positibo kopuru bera mantentzen da; 350 dira COVID-19aren proban positibo eman duten herritarrak.
Osasun sailak egunero argitaratzen duen buletinaren arabera, 24 ordutan ez da kasu posiborik egon Busturialdean. Izan ere, atzo emandako kopuru bera ageri da gaurko txostenean ere. Gaur gaurkoz, 350 pertsonak eman dute positibo koronabirusaren proban: Bermeon 137, Gernika-Lumon 85, Mundakan 49, Busturian 43, Elantxoben eta Foruan bost, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon eta Errigoitin bana.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, COVID-19an 17.840 pertsonak eman dute positbo, eta horietatik %83,6 alta emanda edo osatuta daude.
435 pertsona daude ospitaleetan ingresatuta (364 solairuko geletan eta 71 ZIUetan). Nekane Murga Osasun sailburuak gaur zehaztu duenez, gaur gaurkoz 600 bat pertsona daude isolatuta, etxeetan bakartuta edota osasun langileen jarraipena jasotzen.
Datu ofizialen arabera, 1.429 pertsona zendu dira (atzo sei).
Probak. 136.274 PCR eta 78.969 Test azkar egin dituzte momentuz. Atzoko 20:00ak arte, 4.500 proba egin zituzten, eta PCR proban 11 pertsonak eman zuten positibo, eta test azkarretan 158k. “Gogoratu nahi dut gaurko 11 positiboak orain dela 7-10 egun kutsatutakoak direla”.
Osasun sailburuak konpromisoa eskatu, eta diziplinaz eta arduraz jokatzeko deia luzatu du, beste behin. Norbanakoen erantzukizuna nabarmentzeaz gain, atzo hasitako fasean jarritako arau, neurri eta baldintzak betetzearen garrantzia azpimarratu du: “Egungo eszenatokia orain dela hilabete bat baino hobea bada, denon esfortsuagatik eta diziplinagatik izan da. Argi dago egoera hobea dela; datuek horrela adierazten dute. Azken asteotako joera nabarmen positiboa da”.
Joera horren adierazle, orain dela hilabete bateko datuak gogoratu ditu. Apirilaren 12an, 1.386 pertsona zeuden ospitaleratuta, eta kutsutakoen %45,2 zeuden alta emanda edo osatuta, eta egun ia bikoitza dira: %83,6. “Konfinamenduari eta isolamenduari esker lortu ditugu egungo datuak. Gure etxeetatik kanpo mugikortasuna apurka-apurka areagotzen hasi gara, baina arduratsuak izan behar gara”.
Gaur Erizaintzaren Nazioarteko Eguna denez, Jaurlaritzaren izenean horien lana aitortu eta eskerrak eman dizkie Murgak, eta Galdakaoko ospitalean lan egiten zuen eta COVID 19-aren ondorioz zendu zen erizaina gogoratu du. “Erizainen lana ezinbestekoa izaten ari da pandemia honen kontrako borrokan. Talde lanean aritzeko gaitasuna azpimarratu behar da, bai eta sortzen diren beharrizanetara egokitzeko daukaten gaitasuna ere. Osasun sistemaren elementu giltzarria izan dira beti”.