Herriko bizilagunei eta jarduera ekonomikoei zuzendutako ezohiko laguntza programa onartu du Ibarrangeluko Udalak
25.000 euro bideratuko dituzte diru laguntzetara.
COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiten lagundu gura diete. Aurreko asteko osoko bilkura telematikoan, zinegotzi guztiek aho batez onartu zituzten hainbat laguntza. “Alarmako Estatuaren aurrean, herriko jarduera ekonomikoa eta pertsona asko kaltetuak suertatu dira itxierak edo murrizketa ekonomiko handiak pairatuz. Guk bide horretan lagundu gura diegu, une honetan eta baita etorkizunean ere. Horregatik, herriaren aurrekontua herriko jendeari laguntzeko izango da”, adierazi du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, ezohiko laguntzen programa hau udalak hartutako lehen neurria da. Datozen hilabeteetan egoeraren jarraipena egin eta Ibarrangeluko bizilagunen beharren arabera neurri berriak ezartzea aztertuko dutela jakinarazi du alkateak.
Udalak 25.000 euro bideratuko ditu laguntza bereziak emoteko programa honetara. Horrela, familiei, egoera zaurgarrian daudenei, ostalariei eta autonomoei laguntzea dute asmo.
Hain zuzen ere, helbide fiskala eta jarduera Ibarrangelun daukaten autonomoentzako eta ostalaritza establezimenduentzako diru-laguntzen salbuespenezko eta urgentziazko deialdia onartu dute. “Laguntza hauek Ibarrangelun egoitza fiskala duten pertsona juridiko eta norbanakoentzat bakarrik dira”. Helburua da Koronabirusaren osasun krisiak kaltetu dituen jarduerak arintzea. Aldizkakoak ez diren baliabide ekonomikoak emango dizkietela zehaztu dute. “2020ko martxoaren 14ko alarma-adierazpenaren ondorioz jarduera etetera behartuta dauden autonomoek, enpresek eta establezimenduek jaso ahal izango dituzte laguntzok. Baita diru-sarrerak %50ean murriztu zaizkien autonomoek eta herriko enpresek ere”.
900 euroko diru laguntza bakarra emango diote saltoki, establezimendu edo autonomo bakoitzari. Laguntza hauek bateragarriak dira edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen beste edozein laguntzagaz.
Bizkaiko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu da eta hamar eguneko epean [zazpi lanegun] aurkeztu beharko dira eskaerak; maiatzaren 19ra arteko epea dago. Izapideak edo beharrezko informazioa errazteko, interesa daukatenek telefono hauetara deitu dezakete: 94-627 60 04 (goizez) eta 94-627 61 98 (arratsaldez).
Gainera, udal jabegokoak diren lokal eta establezimenduen errenta ordainketa etetea erabaki dute, “establezimendua itxita egon behar izan den denboraren proportzioan”. Halaber, hondartzen denboraldia hastean instalazioen itxierak denboraldiko zerbitzuei eraginez gero, udalak behar diren erabakiak hartuko ditu sortutako galerak arintzeko: “Ibarrangeluko Udalak enpleguaren aldeko apustua egiten du, eta udaro udalak eskaintzen dituen lanpostuak aurreikusitako egunetan jarriko dira martxan. Hondartzetako lanak, berriz, deseskaladaren ordutegietara eta neurrietara egokituko dira”.
Herriko familientzako laguntzak. Bestalde, bereziki ahulak diren herritarentzat eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatutako gizarte larrialdietarako laguntzek betetzen dabezen beharrak dituzten familientzat 5.000 euroko partida gorde dute. Oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena jaso eta aztertu ondoren erabakiko dute laguntza zehatz horiek ematea.
Bestalde, Ibarrangeluko Udalak 2.000 maskara erosi ditu, eta heldu bezain laster herritar guztiei banatuko dizkiete. Banaketa boluntarioen bidez egingo dutela jakinarazi dute.