"Erabaki onena da. Berriro hasi eta arriskuak hartzea baino hobea da"
Espainiako Saskibaloi Federazioak eta Emakumezkoen Ligaren klubek hartutako erabakiagaz bat dator Izaskun Garcia Urlezaga jokalari muxikarra. Hurrengo denboraldirako prestatzeko kantxaren batean entrenatzen uztea da orain bere kezka nagusia.
Denboraldia amaitzea erabaki dute federazioak eta klubak. Espero zenuen? Eta ados al zaude?
Denok nahi izan dugu liga amaitu, eta guretzat pena izan da. Baina, erabakiagaz denok gaude ados; erabaki onena izan da. Berriro hasi eta arriskuak hartzea baino hobe da. Gainera, atzerriko jokalariak bueltatu ahal izatea ere zaila ikusten genuen. Bat-batean amaitu denez, triste ere bagaude agurtzeko astirik ere ez dugulako eduki.
Gainera, azken txanpan zeundeten, lau jardunaldiren faltan.
Hasieran gure artean komentatzen genuen agian lau partidu horiek ateak itxita jokatzen utziko zizkigutela. Baina, play off-ak ere kontuan hartuta, partidu guztiak jokatzea gaitza zen.
RPK Arasi Gasteizko taldean bigarren denboraldia bete duzu. Euskal Herrian Araba izan zen Koronabirusaren lehen geldialdia. Zelan bizi izan zenuen?
Lehen kasuak bertan agertu zirenez, liga geratu baino bi aste arinago etxera bota gintuzten. Erregina Koparen ostean, Gasteizera heldu eta kaos apur bat bazegoen. Gimnasio publikoan aritzen gara, eta astelehen horretan talde teknikoa etorrri zitzaigun eta esan zigun gure segurtasunagatik ezin genuela bertan aritu. Gimnasioak beste pare bat astez edo zabalik jarraitu zuen, baina guri esan ziguten ez joateko. Bertan behera geratu zen Gernikaren kontrako partidua jokatu aurretik Mendizorrotza itxi zuten; ez geneukanez nor entrenatu, beste herri batera joan ginen pare bat egunetan, baina hangoa ere itxi zuten.
Ez ohiko amaiera kontuan hartu barik, zelako denboraldia izan da zuretzat?
Talde modura urte guzti hauetako talderik batuena izan da. Kristoren taldea eduki dugu bai kanpoan eta bai barruan, eta uste dot horregatik pena handiagoagaz hartu dugula amaiera hau. Familia txiki bat sortu dugu aurten, eta guretzat kristoren denboraldia izan da, konpletoa: play off-etan pentsatzen egon gara, Erregina Kopa jokatu ahal izan dugu, Euskal Kopan eta ligan ondo aritu gara…
Ia bi hilabete etxean zer gertatuko denaren zain egon zarete. Zelan mantentu duzu kirol errutina eta diziplina?
Parte horretatik, uste dut erabakia berandutu dela. Etxe barruan fisikoki ondo mantentzen saiatu gara, ez genekielako jokatzera bueltatuko ginen eta noiz izango zen. Etxetik irten barik entrenatzea oso zaila da guretzat. Txarrena saskirik ez edukitzea izan da niretzat. Garajean edo ezkaratzean baloiagaz maneiuak egin ahal dituzu, ohitura eta trebezia ez galtzen saiatuz, baina bi hilabete horrela egonda oso zaila da. Fisikoki ariketak egin ditugu norbere kontura, baita bideodeiekin saioak ere, eta ni neu bizikletan arrabolagaz ere aritu naiz. Aste honetan kalera korrika ateratzean, ikusi da etxean egindakoa ez dela nahikoa izan. Bi hilez sasoian mantentzen saiatu gara, baina orain jokatu behar dugula esango baligute, ez ginen prest egongo.
Arlo ekonomikoan zelan jokatu du klubak?
Ligako lau aste bakarrik falta zirenez, ondo portatu dira eta kontratua normal mantendu digute. Apirilaren 4an zen liga amaitzekoa, eta hor amaitu zitzaigun kontratua.
Hurrengo denboraldira begira zaudete. Han segituko duzu?
Ordezkariak hasi zaizkigu deitzen eta eskaintzak azaltzen. Oraindik ez daukat ezer seguru. Aukerak ikusten eta pentsatzen ari naiz, ondo aztertzen.
Eta nola prestatuko zara?
Agian liga irailean hasiko dugula esan dute. Baina, momentu honetan kalean korrika aritu ahal naiz, baina ez daukat non entrenatu. Gernikan Pasealekukoa da zabalik dagoen pista bakarra, eta profesional batek ezin du han aritu, hankentzat eta belaunentzat ez delako ona. Federazioan idatzi bat aurkeztu dugu irtenbide eske, eta ea ze erantzun ematen diguten. Udan profesionalek nonbaiten entrenatzeko aukera eduki dezagun eraren bat topatzea gura dugu. Besterik ezean leku pribaturen batean edo uzteko. Uda osoan saskiratzerik bota barik irailean hastea zaila litzateke, gabezia hori asko igarriko litzateke. Hori da orain gure kezka eta beldurra.
Astelehenetik kirolari profesionalek entrenatzeko baimena daukazue.
Eskatu dugun baimen hori eman digute. Baina, baimen horrek ordutegi libre batean entrenatzeko aukera ematen du eta gure kasuan kantxa ere behar dugu. Ea udalen bidez edo zerbait lortzen dugun, kiroldegietako kantxetan profesionalok entrenatzen uzteko. Normalean apirilean liga amaitzen dugunez, apirila atseden moduan hartu, eta maiatzean entrenatzen hasten izan naiz berriro Santanapen eta Galdakaon, udalak hango pista uzten zidalako. Momentu honetan, Santanape ez zabaltzea ez dut erraz ikusten, faseak amaitu arte behintzat. Hile batzuk pasatuko dira. Ea zerbait egin ahal badugu eta profesionaloi aukera ematen badigute. Ez dut uste asko izango garenik, eta era kontrolatuan uztea gura dugu. Txandaka eta segurtasunez eginda, posible litzateke.