Denboraldia bukatuta, hurrengorako lanean
Emakumezkoen Ligako denboraldia amaitutzat ematea erabaki zuten aurreko astean. Lointekeko Mario Lopez entrenatzaile gernikarraren iritzia jaso eta ezohiko amaiera eduki duen denboraldiaren errepasoa egin dugu.
Emakumezkoen Ligan ez da jaitsierarik egongo, baina bi talde mailaz igota, 14 talde beharrean, 16 talde izango dira 2020-2021 denboraldian. Horixe adostu zuten aurreko astean Espainiako Saskibaloi Federazioak eta denboraldi honetan gorengo mailan egon diren 14 taldeen ordezkariek. Gernika KESB erabakiagaz bat etorri da.
Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailearen berbetan, espero zuten erabakia da, eta aukeren artean erabaki egokiena eta logikoena da: “Kirola egitea ezinezkoa zela eta dagoen ziurgabetasuna ikusita, erabakia zuzena dela uste dut. Orain liga jokatzera bueltatzea ezinezkoa litzateke”.
Osasun krisia hasi eta liga geratu zenean, taldeko jokalari atzerritarrak euren herrialdeetara itzuli ziren: “Denak etxean daude, eta gauden egoeran zaila litzateke bai gure eta baita beste klubetako taldekide guztiek itzuli ahal izatea. Ezinezkoa litzateke jokalari berdinekin jokatzea. Gainera, bi hilabeteko etenaldiaren ostean, denboraldi-aurrea egin barik berriro jokatzen hastean min hartzeko arriskuak daude”.
Ez ohiko denboraldi amaiera eduki dute. Lau jardunaldi geratzen ziren bukatzeko, eta ligako tituluak lehiatzeko kanporaketak lehiatu gabe geratu dira taldeak. Lointek Gernika Bizkaiak hirugarren amaitu du, Avenidaren eta Gironaren atzetik. Emaitzen eta jokoen maila aldetik, Emakumezkoen Ligan egindako sei denboraldietatik “konpletoena” izan dela dio Lopezek. “Hirugarren egonda, denboraldi osoan lehenengo biekin borrokan egon gara, eta une batzuetan Gironaren aurretik, gainera. Saskiratze gehien egin duen bigarren taldea izan gara eta horrek asko esaten du gure erasoko jokoaz”.
Denboraldi osoan erregulartasuna mantendu dutela azpimarratu du: “Hori erakusten dute, adibidez, laugarren postuan zegoen Valentziari hiru partiduko errenta eta bosgarrena zen Araskiri bostekoa ateratzea”. Ligan egindako jokoagaz pozik daude, eta baita Maloste ia partidu guztietan bete dutelako ere.
Eurokopan ere klubaren historiako balentria handiena lortu dute; zortzi onenen artean amaitu zuten: “Pena da Valentziaren kontrako kanporaketa ezin izan genuela gainditu, baina txapelketa itzela egin dugula uste dut”.
Hurrengorako lanean
Orain, 2020-2021 denboraldian pentsatzeko momentua da, eta taldea osatzea izango da kluben lehen zeregina. Gero, denboraldi-aurrea prestatu beharko dute. Jakina, hori guztia pandemiaren garapenak baldintzatuko du.
“Plantilla osatzeko” lanean dabiltzala zehaztu du Lopezek: “Jokalariak ikusten ari gara. Ziurgabetasun handia badago ere, ezin gara merkatua ikusi barik geratu”. Mantendu edota izan ditzaketen laguntzak eta babesleak zeintzuk diren aztertu eta daukaten aurrekontuaren arabera osatuko dute taldea. Urteotan pauso txikiak eman, eta apurka-apurka “posizioak hobetzen” joan dira, eta horrela, “helburu txikiak” lortzen. Beste behin, talde lehiakorra osatzea dute helburu, “beti ere aurrekontuagaz bat etorrita”, eta Emakumezkoen Ligan zeresana ematen jarraitzea.
“Denboraldi-aurrea prestatzeko oraindik hilabete asko falta dira; ekain-uztailean prestatzen dugu. Eta ikusiko da liga noiz hasten den. Suposatzen dut erabakia hartzeko apur bat itxarongo dutela, daukagun zerumuga gargitzen joan arte. Liga hasieraren erabakia itxaron beharko dugu denboraldi-aurrearen plangintza egiteko”, azaldu du entrenatzaile gernikarrak. “Nolabaiteko normaltasunera bueltatzen saiatzeko emango diren lehen pausoetan zer gertatuko den ikusiko dugu, eta ea zerumuga garbitzen badoa, jakiteko zelan lan egin ahalko dugun hurrengo denboraldian”.