Busturiko EH Bilduk herritarren beharrizanak ezagutu gura ditu
Koronabirusari lotutako gaiei erantzuna eman asmoz, eta ezinbestean hartu behar diren erabakiak onartzeko, Busturiko udal gobernua dagoeneko lanean hasita dagoela aipatu dute.
Koronabisari lotutako gaiei erantzuna eman asmoz, eta ezinbestean hartu behar diren erabakiak onartzeko, Busturiko udal gobernua dagoeneko lanean hasita dagoela aipatu du Busturiko EH Bilduk. Hala ere, koalizioko kideek herritarren iritziak eta beharrizanak jaso gura dituzte.
Herritarrak jakinaren gainean eduki gura dituzte, eta udalean lantzen ari diren gaiak honakoak direla azaldu dute: jaiak, aurrekontuak, udako langileen kontratazioa, Euskeraz Olgetan programa, maskarak banatzea, udal zergak aztertzea eta zerbitzu sozialak indartzeko bitarteko ekonomikoak ipintzea. Horiek guztiak, hala ere, larrialdi egoeraren “hasierako ideiak” baino ez direla eta, herritarrengana jotzen dute “eurak izan behar direlako zer egin behar den esan behar dutenak, eta zeintzuk diren beharrizanak”.
Proposamenak dauzkaten herritarrek euren ordezkariarengana jo dezakete, bai eta busturia@ehbildu.eus helbide elektronikora idatzi ere.
Nazio ikuspegia ere aipatu gura izan dute; “oso garrantzitsua da deskonfinamendua behar den moduan gauzatzea, eta normalitate berria zelakoa izan behar den argitzea”. Bsuturiko EH Bilduren ustez honakoak izan behar dira helburuak:
- Ahalik eta jende gutxien hiltzea.
- Luze jo dezakeen garai honetan, biztanleriaren bizi kalitatea ahalik eta duinena izatea, arreta berezia jarrita sektore zaurgarrienei.
- Denbora irabaztea, txertoa sortzeko edota birusari buruz gehiago jakiteko.
Bigarren kutsaze aroa saihestu beharra dagoela diote, eta horretarako, irtenbide komunitarioa “ezinbestekoa” dela deitzote: “Jendearen osasuna eta zaintza beti da inbertsioa, bizitzari barik ez baitago ekonomiarik ezta bestelakorik”.
Doluminak. COVID-19ak eragindako hildakoen senideei doluminak helarazi gura dizkie. Eta, era berean, busturiarrak zoriondu dituzte, “denon artean egindako ahaleginari esker pandemia gutxi-gutxika gainditzen” ari delako. “Krisi honengatik asko sufritu dugu, baina asko ikasi ere. Ikasi dugu bakarrik herriak salbatzen duela herria”.
Udal langileek egindako lana ere nabarmendu gura izan dute; “eurei esker mantendu da oinarrizko zerbitzu publikoa, bai bulegoetan harrera egiten, zein eguneko kaleen desinfekzioa egiten, batzuk aipatzekotan”.