Seychelleetara joatekoak diren arrantzaleei PCR probak egin dizkiete gaur
64 arrantzale bertaratu dira gaur Bermeoko Itsasoko Gizarte Institutuaren (IGI) bulegora.
09:00etan hasi dira arrantzaleak Bermeoko portuan kokatuta dagoen Itsasoko Gizarte Institutuaren (IGI) bulegora iristen; 64 arrantzalek zeukaten ordua emanda. Taldeka bertaratu dira eta talde batetik bestera 45 minutuko tartea uzten zuten. PCR probak egin dizkiete, bai eta serologikoak ere.
Arrantzale horietako asko Seychelleetara joatekoak dira, inguru horretan lanean ari diren atunontzietara joan beharra daukate, lankideei erreleboa ematera. COVID-19aren krisiagaz, arrantzale askok ohi baino denbora gehiago daramate ontzian, ezin etorri; bost hilabetetik gora, kasu batzuetan. Orain, Bermeoko enpresatako arrantzaleak elkarrekin joango dira, denak hegaldi berean. Abiatu aurretik, hala ere, koronabirusaren probak egin dizkiete. Anartz Villanueva Lartitegi atunontzietako makinaria da Seychelletara joateko dagoen arrantzaleetako bat. “Dena airean dago”, dio. “Enpresei 48 orduko probak exijitzen dizkiete Seychelleetatik. Behin emaitzak edukita hara bidali behar dituzte, eta onartu egin behar dituzte. Hegaldiekin ere arazoak egon dira; enpresek Madriletik Seychelleetara zuzeneko hegaldia egin gura zuten. Legez, hegaldiaren ordu kopuruagatik, antzadenez, tripulazio bikoitza behar da. Lortu badute ere, ez dakigu zehatz noiz aterako garen”.
Asmoa, zapatu gauean ateratzea litzateke, “hegaldia gauez egin gura delako”. Hala ere, ez dute ezer zehaztuta, oraindik zain daude. Bermeotik, 22 arrantzale doazela uste du Villanuevak.
Herritarren artean kezka sortu da goizean, Bermeoko portua DYAko anbulantziaz bete baita.
Bizkaiko DYAko presidente Fernando Izagirrek elkarlana nabarmendu du, eta denek erraztasunak eman dizkietala aipatu du: “Guri Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik deitu digute, horiek Galdakaoko ospitalearekin koordinatuta daude. Hemen DYAko kideak eta boluntarioak gaude, eta EHUgaz elkarlanean ari gara. Gainera, atunontzien enpresekin, elkarteekin eta arrantzaleekin koordinatu behar izan da dena, eta Bermeoko IGIk ere erraz jarri digu”.
27 lagun inguru bertaratu dira Bermeora arrantzaleei probak egitera. “Zazpi erizain daude, eta horietako bakoitzeko erizaintzako laguntzaile bat ere egon behar da. Prebentzioko bi tekniko ere badaude, eta farmazia, garbiketak… kontrolatzen dituztenak ere hemen daude”. Horiez gain, DYAko desinfekzio unitateko kideak ere Bermeon egon dira. Arrantzale guztiei probak egin ostean, horiek sartu dira lan egitera, “bulegoak goitik behera desinfektatzera”.
Baxurako arrantzaleekin egon izan direla dio Izagirrek, Santurtzin, Ondarroan eta Bermeon: “Denak negatiboak izan dira, ea oraingoan ere horrela bada”.
Lau gunetan banatuta zeukaten IGIren bulegoa. Banan banan sartu dira arrantzaleak, eta sartu orduko tenperatura hartu diete, ondoren, probak egiten jarraitzeko.